Euskal dantzak badu bere urteroko hitzordua
Euskal Herriko hainbat txokotako dantzak Hondarribira ekartzeko xedearekin sortu zen Hondarribia Dantzan, Kemen Dantza Taldearen ekimenez. Aurten 20. ekitaldia dute, eta erakutsiko dute euskal dantzak bizirik jarraitzen duela.
Euskal dantza aipatzen denean, denei datozkie burura aurreskua, ezpata dantza, fandangoa… Baina benetan denak zerrendatu beharko balira, agian erreportaje guztia beharko litzateke. Euskal Herriko herri askok badute haien dantza propioa, eta hainbatek haien herriko mugak zeharkatu ez dituzten arren, badira lurralde guztietan dantzatzen direnak. Hondarribia Dantzan egitasmoak dantza horiek ditu oinarri. Hondarribiarrei beste herrietako dantzak erakusteko xedearekin sortu zuen Kemen Dantza Taldeak, eta aste honetan hasi dute 20. ekitaldia. Zehazki, asteazkenean hasi zen, eta igandera arteko programazioa izango du.
Askotariko programazioa prestatu dute aurten, eta jada atzo eta herenegun hainbatek disfrutatu dute hartaz. “Aurten asteazkenean hasteko apustua egin dugu. Badakigu astean zehar ez dela erraza jendea erakartzea, baina antolatutakoak maila handikoak dira”, esan du Amaiur Calbete Kemen Dantza Taldeko kideak. Bi hamarkada osatu dituzte jaialdiarekin, eta horrek argi uzten du, urtez urte, herrian errotu den jarduera dela. “Kemenentzat data garrantzitsua da dudarik gabe Hondarribia Dantzan. Lehen ez genuen guk dantzatzen, beste herrietako taldeei ematen genien tartea, baina orain badugu guk ere gure txokoa oholtza gainean”, gehitu du Calbetek.
Baina Hondarribia Dantzan aurreko astean hasi zen. Arma Plazan erakusketa bat ireki zuten hilaren 12an, eta igandera arte egongo da zabalik. Jantziak ikusi daitezke bertan, inauterietan erabiltzen diren dantza jantziak hain zuzen ere.
Aurten, kanpoko bi talde izango dira Hondarribian, haien herrietako dantzak erakusten. Larunbatean izango dira oholtzan Oñatiko Oñatz Dantza Taldeko eta Corellako Tambarria KEko dantzariak. “Corellako dantzak duela gutxi izan dira berreskuratuak, eta Oñatikoak Corpus Egunean dantzatzen direnak dira. Momentu berezia eta polita izango da, seguru”. Larunbatean izango da emanaldia, 19:00etan, Santa Maria Madalena plazan. Calbeteren ustez, aukera ederra da hondarribiarrentzat beste herrietako ohiturak eta dantzak ikusteko eta ikasteko. Gainera, Kemen Dantza Taldeko gazteentzat beste herrietako dantzariak ikustea ere aukera ederra da, haien mugak zabal ditzaten.
Entseguz bete dituzte azken asteak, Uranzu pilotalekuko haien lokalean, baina baita kalean ere. “Otsagabiko dantza taldearekin egin genuen bat aurreko urtean. Horregatik, aurten haien dantzak interpretatuko ditugu. Horrez gain, Bizkaikoak, Lapurdiko inauterietakoak eta Eltziegokoak dantzatuko ditugu”. Dantzari beteranoentzat ere ikasten jarraitzeko aukera ona izaten da jaialdiaren prestaketa.
Calbetek nabarmendu du Otsagabiko dantzak bereziak direla harentzat, mutil dantzak izanik, talde moduan emakumeek eta gizonek dantzatuko dituztelako. “Ez da lehen aldia egiten dugula, eta hangoek ere urte batzuk daramatzate modu mistoan egiten. Baina niretzat pertsonalki berezia da urte askoz mutil dantzak izan direnak orain denon artean dantzatzea”. Aurten ere, jantzi berriak estreinatuko dituzte. “Begiraleek elkarteko kideekin ikastaro bat egin genuen, nesken papera lantzeko. Konturatu ginen ez genuela egoki ikusten emakumeak gizonez janztea, eta hor sakondu egin dugu”.
Txikientzako fokuak
Igandean (hilaren 24an), dantza taldeko txikienak izango dira protagonista. 11:00etan hasiko da Dantzari Txiki Eguna. Kemen barruko Adaxka da dantzari gazteenen taldea, eta bertan parte hartuko dute. Haiekin batera, Urretxuko Lurra Dantza Taldea, Donibane Lohizuneko Begiraleak elkartea, Hondarribiko Musika eta Dantza Eskolako dantzari taldea, eta Oiartzungo erraldoiak izango dira. 11:00etan herrian zehar ibiliko dira, 12:30ean dantza agerraldia egingo dute Arma Plazan, eta 16:00etan Santa Maria Madalena plazan erromeria izango dute.
Etxeko txikienek disfrutatzeko eguna da, baina horrez gain, ardura bat hartzekoa, ikasturtean zehar entseatuz, ondoren ikasitakoa oholtzan erakusteko. Kemenetik Dantzari Txiki Eguna indartzeko apustua egitea erabaki dute, Hondarribia dantzari txikien egunen mapan ezarri nahi dutelako.
Dantzaz gain, beste hainbat alor lantzen dituen jaialdia da Hondarribia Dantzan. Asteazkenean, hitzaldi batekin ireki zuten eguna. Thierry Truffaut antropologoa izan zen Ihauteri: ilunetik argira hitzaldia eskaintzen. Inauteriak hamarkada luzez aztertu ditu Truffautek, eta herri askotako adibideak eta datuak hartuz, bilakaerak eta aldaketak identifikatu ditu, genero ikuspegitik ere jorratuak. Bigarren hitzordua atzo izan zen. Bakioko Anarru Egunari buruzko dokumental bat izan zen atzoko proiekzioa, Kultur Etxean. “Haien herriko inauteriak berreskuratu dituzte Bakion, eta prozesu hori dokumentatu egin dute”.
Jardunaldien aurkezpenean Ortzi Alonso Kultur zinegotziak eskerrak eman zizkion Kemeni, urtez urte egindako lanagatik: “Dantzaren inguruan badaude beste hitzordu batzuk urtean zehar, baina agian garaikideagoak. Ez da erraza gazteak gure kultur nortasunera lotzea, eta eskertzekoa da hor Kemenek egiten duen lana”.

