Udal Liburutegi zerbitzua Mendeluenean ere izango da
Beheko solairuan jarriko da liburutegi txokoa, Udal Liburutegiko maileguak hartzeko eta uzteko. Astelehenetik ostiralera irekiko dute.
Mendeluenea pixkanaka badoa martxa hartzen. Open gelak urte hasieran hasi zuen bere bidea, eta erabilera anitzeko gelek oraindik ez dute lehiaketarik jaso. Baina udalak adierazi du beste zerbitzu bat eskainiko duela bertan: liburutegiarena.
Beheko solairuan kokatuko da liburutegi txokoa. Hondarribiko Udal Liburutegiko hainbat mailegu bertan eskatzeko aukera izango da. “Auzoetako ekipamenduak erabilera anitzeko espazio bihurtu nahi ditugu, herritarrek bertan informazioa, kultura eta zerbitzu publikoak modu erosoan eskuratu ahal izan ditzaten”, azaldu du Ortzi Alonso Kultur zinegotziak.
Astelehenetik ostiralera irekiko da liburutegi txokoa, 09:30etik 13:30era. Astearte eta ostegunetan arratsaldetan ere, zabalik, 15:00etatik 18;00etara. “Auzoetan geroz eta zerbitzu gehiago martxan jartzea bada gure helburuetako bat”, gehitu du Alonsok. AuzoBihotz programen oinarria da hori bera, herria deszentralizatzea, eta auzoei merezi duten garrantzia ematea.

