Irungo espazio esanguratsuenen iragana, oraina eta etorkizuna, CBAn
'Denborarekin makina' erakusketa estreinatu dute, eta egunotan hiriko toki enblematikoenak ezagutzeko hainbat tailer antolatuko dituzte.
Memoria, argazkilaritza, teknologia eta herritarren parte hartzea uztartzen dituen Denborarekin makina erakusketa estreinatu dute CBAko IrekiART gunean. Erakusketa honen bitartez, Estitxu Ortolaiz argazkilari hondarribiarrak Irungo toki enblematikoen iragana, oraina eta etorkizuna aztertuko ditu. Zortzi panelez osatuta hiriko artxibo historikoa eta egungo irudia azalduko ditu erakusketa parte-hartzaile honetan. Erakusketa ekainaren 3ra arte zabalik egongo da.
“Izan ere, Irun aldatu, eboluzionatu eta eraldatu egiten da, baina ez dio Irun izateari uzten”, adierazi du Nuria Alzaga, Estitxu Ortolaiz argazkilari hondarribiarekin batera egindako aurkezpenean. 20 urteko ibilbidea du argazkilariak, eta urteotan publizitatearen, erretratuen, interiorismoaren, industrialaren eta ekitaldian argazkigintzan oinarritu dira egindako lanak.
Erakusketa honen baitan, tailerrak antolatuko dituzte egunotan. Adimen Artifizialari buruzko ezagutzarik izan gabe, Irungo ikuspegi propioa eraikitzeko aukera izango dute, eta sortutako irudiak aretoan proiektatuko dituzte eta erakusketaren parte izango dira. Gaur, hilak 20, lehen tailerra egingo dute, 17:30etik 19:30era; eta larunbatean, hilak 23, 11:30etik 13:30era eta 17:00etik 19:00era. Tailerretan parte hartzeko izena eman beharko dute formulario honen bitartez.
Datorren ostegunean, hilak 28, argazki historikoak azaltzeko belaunaldien arteko mahaia antolatuko dute, 18:00etan hasita. Honela, argazki-erretratuak lantzeko aukera izango dute irundarrek.

