EAJk Irungo kale edo plaza bat Jose Antonio Agirre Lehendakaria izendatzea eskatu du
Omenaldi gisa, Txenperenea, San Migel-Anaka edo Korrokoitz eremuko kale edo plaza batek bere izena izateko proposamena aurkeztu dute.
Jose Antonio Agirre Lehendakariari omenaldi gisa, Irungo EAJk hiriko kale edo plaza bati lehen lehendakariaren izena jartzeko proposamena aurkeztu du. Txenperenea, San Migel-Anaka edo Korrokoitz eremuen kale edo plaza batek Jose Antonio Agirre Lehendakaria izena izan dezan eskatu diote udalari. Euskal gizarteari egindako ekarpenaren aitorpena egin nahi izan diote jeltzaleek.
“Autogobernuarekin, bizikidetzarekin eta balio humanistekin duen konpromisoa publikoki aitortzea merezi du; Irunek kale edo plaza bat Aguirre lehendakariari eskaintzea, pertsona bat ez ezik, gure gizarteak ordezkatzen dituen balio demokratiko eta europarrak ere omentzea da”, adierazi du Gorka Alvarez EAJko Udal Taldeko bozeramaileak.
Irun Europarekiko pasabide, harrera eta lotura izan da betidanik. Hori dela eta, Agirre lehendakaria Irunen aitortzeak ere balio sinboliko berezia duela gehitu du EAJk. “Agirreren bizitza eta ibilbide politikoan oso presente dauden elementuak, euskal nortasuna batzeko eta mundura zabaltzeko gaitasuna adierazten dutenak”.

