Guadalupeko inguruak hobetzeko eskatu du EAJk
Mahaiak eta aulkiak berritzea, ostalaritza zerbitzua ezartzea... 160.000 euroko proposamenak dira, jeltzaleen ustez "zehatzak eta errealistak".
EAJk proposamen bat egin du udalean, 160.000 eurokoa, Guadalupeko inguruak hobetzeko xedearekin. “Eguraldi onarekin batera, Guadalupe herritarren topagune nagusietako bat bihurtzen da. Horregatik, jeltzaleek beharrezkotzat jotzen dute espazio honen baldintzak egokitzea eta hobetzea”, adierazi du udal taldeak.
Bankuak eta mahaiak berritzea eskatu du EAJk, bertaratzen diren pertsonen egonaldia “erosoagoa” izan dadin. Horrez gain, ostalaritza zerbitzu bat behin behinean ezartzea eskatu dute, erabilera handiko hilabeteetako eskariari erantzuteko. Azkenik, Guadalupeko Santutegiko freskoetan esku-hartze bat egitea proposatu du, ondare elementu garrantzitsu honen kontserbazioa bermatzeko.

