Alkatea hilaren 21ean, Meakan
'Alkatea auzoetan' egitasmoaren azken saioa izango da, eta auzo elkarteko kideen laguntzarekin auzoaren beharrak ezagutuko ditu.
Hilabetero legez, Cristina Laborda alkateak hiriko auzo bat bisitatuko du, eta oraingo honetan, Meakan izango da. Alkatea auzoetan egitasmoaren azken saioa izango da, eta auzo elkarteko kideekin batera, auzoko kaleak bisitatuko ditu 17:00etatik aurrera. Auzoa bisitatu ondoren, 19:00etan auzo elkartearen egoitzan bilduko da, herritarren ideiak, iritziak eta kezkak bertatik bertara ezagutzeko. “Itxuraz txikiak diren proiektuen bidez, parte hartzean oinarritutako hiri inkusibo bat eraikiko dugu”.
Hilabete hauetan zehar, alkateak hiriko auzoak bisitatu ditu bizilagunen bizipenak bilduz. Bisitatutako beste auzoekin egin bezala, Meakako bizilagunek espazio bereizitua izango dute udal webgunean. Bertan, astebetez, proposamenak eta iradokizunak helerazteko aukera izango dute, formularioaren bitartez.
Apirileko hitzorduan, alkatea Artian izan zen. Bertako bizilagunen iradokizun guztiak aztertuta, udalak poliziaren zaintza areagotzeko, Cesar Figuerido inguruko sastrakak garbitzeko eta Pio Baroja inguruko zuhaitzak inausteko konpromisoa izango duela adierazi du.

