«HITZA irakurtzea ostiraletako plana da»
Gaur HITZAk papereko edizioan 1.000 zenbakia argitaratu du. HITZAkideen iritzia jaso du hedabideak.
Ohitura bihurtu da astero Hitza irakurtzea Fagoaga Iza familian. Betidanik izan dute Hitza euren etxeko mahaian, eta ohitura hori izaten jarraitzen dute astero. Aldizkariko edukiak irakurtzeaz gain, denbora-pasek ere garrantzi handia dute haientzat, eta horiek elkarrekin egiten ahalegintzen dira.
Zer ekarpen egiten du Hitza-k zure egunerokoan?
Euskarazko tokiko informazioa jasotzeko aukera eskaintzen dit. Astekariko erreportajeak irakurtzen ditut ostiralero, eta eguneroko tokian tokiko informazioa irakurtzeko ohitura ere badut.
Zergatik zara Hitzakide?
Aita Hitzakidea da, eta familian Hitza irakurtzeko ohitura dugu astero, hutsik egin gabe. Ez dakit noiz eta nola egin zen Hitzakide nire aita. Betidanik etxean izan dugu, eta egunero etxeko postontzira iristen zitzaiguneko oroitzapenak ditut. Gogoan dut aldizkari bilakatu zeneko garaia. Euskarazko tokiko hedabideak eta elkarteak laguntzeko egin zen Hitzakide aita, euskararen aldeko proiektuei bere aletxoa jartzeko.
Lehenengo urte haietako oroitzapenen bat al duzu?
Egunero irakurri izan dut Hitza. Egunkaritik astekaria bihurtzerainoko bide horretan, nire aitak galdetu zidan ea ba ote nekien zergatik izan zen aldaketa hura. Hala ere, gustura irakurtzen jarraitzen dut. Trantsizio horri buruzko oroitzapen onak ditut, oso ondo gogoratzen dut. Ostiraletan, etxera heltzean lehenengo begirada ematen diot aldizkariari eta gero, denbora dudanean, arreta handiagoarekin irakurtzen ditut bertako edukiak. Orain badakit ostiralero zerbait egin behar dudala, postontzian begiratu ea aldizkaria iritsi den eta hura jaso. Ostiraletako plana da Hitza irakurtzea.
Aldizkaria irakurtzeaz gain, familian ohitura duzue astero denbora-pasak egiteko.
Bai, nik gurutzegrama eta hitz gezidunak egiten ditut. Zenbakiak ez ditut gustuko, eta hortaz, ez ditut sudokuak egiten. Ez dugu denbora-pasak bidaltzeko ohiturarik, gure artean pikatu egiten gara eta listo. Guztiok batera egiten saiatzen gara, baina askotan ez dugu amaitzerik lortzen. Gaztelaniazko gurutzegramak ez ditugu egiten, eta Hitza-n horiek euskaraz egiteko aukera dugu.
Kemen Dantza Taldeko dantzaria zara. Zein da egun Irunen euskal kulturak duen egoera?
Eskerrak gu bezalako jendea dagoela Irunen, herritik herriarentzat egiten duela eta benetan sinesten duela horretan. Udalaren aldetik, salduta gaude Irunen. Euskarak eta euskal kulturak arnasguneak behar ditu, eta horretan gabiltza. Taldearen ahots handiena Hitza da, zuek zarete. Asko eskertzen dugu beti duzuen prestutasuna. Eskerrak oraindik ere gurasoek gurekin bat egiten duten, euren haurrek Irunen arnasgune bat izan dezaten.
Euskarak eguneroko bultzada behar al du Irunen?
Euskal kultura bultzatzeaz gain, euskarak egunerokoan ere bultzada handia behar du Irunen. Ez du balio udalak Korrikan kilometro bat erosi eta Korrikako petoa jarrita 200 metro egitea. Egunerokoan euskaraz egin behar dugu eta erabilera sustatu behar dugu. Euskararen aldeko benetako jarrera izan behar dugu.

