6,2 milioi euroan handituko dute udal aurrekontua
2027ko udal aurrekonturako 1,1 milioi euro gehiago gehitzeko proposamena aurkeztu dute eta udalak konpromisoa hartu du hiria hobetzen jarraitzeko.
Udalak aurtengo udal aurrekontua handitzeko proposamena aurkeztu du, eta maiatzeko osoko bilkuran bozkatuko dute. Gaur egungo udal aurrekontua 5 milioi eurokoa da, eta kopuru horri 2025eko likidazioak gehituko diote; hain zuzen, 1,1 milioi euro. Horri esker handituko dute, eta udalak hainbat proposamen hartuko ditu kontuan udal ekipamenduak hobetzeko. Kredituen aldaketa honek inbertsio estrategikoak eta eguneroko jardunak uztartuko ditu, beti ere, hiritarren mesedetara.
Inbertsioen artean, auzoetako irisgarritasuna, segurtasuna eta ikasleen eta adinekoen gizarte ongizatea hobetzeko hainbat proposamen aurkeztu dituzte. “Udalak hiria hobetzeko duen konpromisoa argi eta garbi islatzen du, benetako beharrei eta bizilagunen eskaerei erantzuteko”. Zifra hauek udal kontuen kudeaketa arduratsua eta zuhurra islatzen dutela ziurtatu du Cristina Laborda alkateak. “Batzuetan ziurtzat jotzen dugu egonkortasun ekonomiko hori, baina atzetik lan handia eta arduratsua dago”, gehitu du Nuria Alzaga Ogasuneko ordezkariak.
Egungo soberakin erabilgarria 8.946.031,13 eurokoa da. Maiatzeko osoko bilkuran kreditu aldaketa berria onartu ondoren, 3.870.266,78 eurokoa izango da. Kopuru horretatik 3,2 milioi euro etorkizuneko balizko ezustekoei aurre egiteko gordeko dituzte, baita epe luzerako egonkortasun ekonomikoa bermatzen laguntzeko.
Udal aurrekontua handitzeko proposamenak auzo elkarteekin, erakundeekin eta bizilagunekin hartutako konpromisoei erantzuten diete. Proiektu handiak aurreratzeaz gain, asfaltatze-, argiztapen- eta mantentze-lanak ere egingo dituzte.
Bizilagunen eskaerak bete
Inbertsio handienetarikoa Errotazar kaleko igogailuaren instalazioa izango da, hain zuzen, 50.000 eurokoa. Alkatea auzoetan egitasmoaren baitan, Errotazar kalean igogailua jartzeko eskatu zuten Landetxako bizilagunek. Bestalde, Artian ere igogailu bat jartzeko proiektua aurkeztuko dute. Igogailu honek Juan Thalamas Labandibar eta Dario de Regoyos kaleak lotuko ditu irisgarritasuna hobetzeko.
Aurrekontuaren zati handi bat udal instalazioek bereganatu dute. Azken Portu eta Artalekuko kiroldegietan, Stadium Galen eta Artiako trinketean hobekuntzak egingo dituzte. Guztira 600.000 euroko partida bideratuko dute Irungo kirol kluben beharrak asetzeko.
Kirol ekipamenduak hobetzeaz gain, inbertsio handienetarikoa Udal Kontserbatorioan egingo dute, eraikina hobetzeko obrek 538.000 euroko kostua izango dute. Kopuru horri 73.000 euro gehituko zaizkio Luis Marianoko eta Irasoko gizarte zentroetan hobekuntzak egiteko. Aurrekontuak 80.000 euroko zuzkidura izango du udal merkatua eraberritzeko eta 110.000 eurokoa Ama Birjina Mirarietakoa kapera konpontzeko.
Segurtasuna eta zerbitzuak hobetzea ere helburu
Segurtasuna hobetzeko inbertsioen artean, hiriko hainbat puntutan argiztapena hobetzea, hiriko puntu beltzak desagerraraztea, Juncal kaleko tunela hobetzea eta Udaltzaingoaren plantilla handitzea proposatu du udalak.
Zerbitzuak hobetzea ere dute helburu. Honela, Irungo ikastetxeetan osasun mentalerako hasitako progamaren jarraipena bermatzea, LGTBIQ+ kolektiboaren azterlana egitea, ausazko jokoen arriskuen aurrean jarduteko ekimena eta Santiagotarrak K.E-rentzat Dragon Boat erostea, bularreko minbizia gainditu duten emakumeek erabili dezaten. Beste alde batetik, 85.000 euroko kostua izango du Zubiako egoitza lekualdatzeak.
“Asmoa da hiriarentzat garrantzitsuak diren proiektuekin ditugun konpromisoak betetzea, eguneroko gaiak alde batera utzi gabe, pertsonen eguneroko bizitza zuzenean hobetzeko hiri osoan. Hori guztia, betiere, hiritarrek, auzo-elkarteek eta udal-zerbitzuen erabiltzaileek helarazten dizkiguten eskaerak oinarri gisa hartuta”, amaitu du alkateak.

