Sagardoak hartu du Urdanibia plaza
Sagardo Eguna ari dira ospatzen gaur Irunen; musika, dantza, erraldoiak, eta nola ez, sagardoa da nagusi gaurko egunean.
28. Sagardo Eguna ari dira ospatzen gaur Urdanibia plazaren inguruan. Hamar sagardo dastatzeko aukera dute datozen orduetan irundarrek, eta hori egiteko gogoz daudela dirudi, hamarnaka baitziren arratsaldeko seitan plazan txotxa noiz irekiko zain zeudenak.
Taupadak GKEk, Betti Gottik eta Antxeta Irratiak antolatu dute gaurko hitzordua, eta aurkezpenean aurreratu zuten bezala, musika ere izango da gaurko izarretako bat. Izan ere, erraldoiak, trikitilariak, erromeria eta Los Trankilos taldea ariko dira arratsaldean zehar ingurua girotzen.
Gaurkorako, guztira 3.600 sagardo botila eta 2.710 litro eraman dituzte hamar sagardotegi hauek: Irungo Ola; Lesakako Lindduren Borda; Oiartzungo Ordo Zelai; Errenteria-Oreretako Egi Luze; Astigarragako Etxeberri, Gurutzeta eta Petritegi; Hernaniko Altuna eta Larre Gain; eta Aginako Urdaira. Eta, noski, sabela betetzeko txorizo egosia eta bakailao pintxoak ere saldu dituzte.
HITZA Irungo Sagardo Egunean izan da, eta zenbait irudi atera ditu:

