Herriko ostalaritzan euskararen erabileraren diagnostikoa egin du udalak
70 tabernetan eta jatetxeetan egin dute galdeketa, eta hainbat ondorio atera dituzte, hala nola ostalarien %95ak euskarak Hondarribian bere lekua behar duela.
Iaz, Euskaraldiaren harira, herriko tabernetan eta jatetxeetan euskarak duen presentzia aztertzeko, diagnostiko bat abiatu zuen Hondarribiko Udalak. Orain, diagnostiko horren ondorio nagusiak aurkeztu dituzte. Azterketaren ardura Judas Arrietarena izan da, bera izan zen eta aurreko urteko Euskaraldiaren dinamizatzailea.
70 jatetxe aztertu dituzte, lautik hiru. “Diagnostiko pertsonalizatu bat egin da, ostalarien denboraldi baxuan, hau da, neguan”, azaldu du Garoa Lekuona euskara zinegotziak. Galdetegien bitartez egin dute, eta lehen datuari begira, ostalarien %95ak uste du euskarak bere lekua izan behar duela Hondarribiko paisaian. Aztertutako tabernen eta jatetxeen %80ean badago euskaraz zerbitzua eman dezakeen pertsonaren bat, eta %60ak ditu haien menuak euskaraz. “Itzulpen zerbitzuak euskara sailetik sustatu ditugu, behar zituzten establezimenduentzat”.
Galdetegien barnean, euskararen presentzia faltari buruz galdetu zaie, eta Lekuonak adierazi du, ostalariek laguntza eta denbora falta edota ohitura aipatzen dituztela arrazoi moduan. “Falta handiena mundu digitalean dugu. Sare sozialetan adibidez, soilik %20ak erabiltzen dute euskara. Baina aurrera begira, ostalarien %90ak uste du euskarak hurbiltasuna eragiten duela, eta %75ak badu euskara pixkanaka ikasteko asmoa”, gehitu du zinegotziak. Lekuonak esan du euskara sailak borondate osoa duela ostalariak laguntzeko, eta haien errotulazioak edota kartelak euskaratzeko.
Jarraipena
Arrietak uste du lanketa interesgarria izan dela, banaka banaka egindako prozesua izan baita, horrela ostalari bakoitzaren errealitatea ezagutuz. “Langileei dagokionez, zaila da gaur egun langile euskaldunak aurkitzea. Badira establezimendu batzuk non familiako edo kuadrillako jendea gailentzen den, baina beste kasuetan oso zaila da”. Arrietaren ustez garrantzitsuena lanketaren jarraipena egitea da, eta erakustea udalak baduela prestasuna dena delakoetan laguntzeko.

