2.500 euroko txeke solidarioa jaso du Tadamun elkarteak
Bidasoko Maratoi Erdiak 2026ko edizioaren txeke solidarioa banatu dio Saharar herriaren aldeko konpromisoa duen elkarteari.
Otsailaren 22an, Bidasoko Maratoi Erdia egin zuten milaka korrikalarik Irunen eta Hondarribian. Urtero legez, dortsalen bitartez bildutako diruaren txeke solidarioa banatu diote Tadamun elkarteari. Aurtengo onaduraduna Tadamun elkartea izan da, eta maratoi erdiko antolatzaileek 2.500 euroko txeke solidarioa eman diote elkarteari. Elkarte honek saharar herriaren aldeko konpromisoa du, eta besteak beste, Oporrak Bakean programa aurrera eraman dute urteotan.
Antolatzaileek argi adierazi dute, lasterketak kirol esparrutik harago konpromiso sozialerako eta elkartasunerako tresna ere badela. Korrikalari, babesle, boluntario eta kolaboratzaileen inplikazioari esker, “diru kopuru polita” lortu dute.
Bestalde, jakinarazi dute 2027ko otsailaren 28an egingo duten Maratoi Erdirako eta 10 kilometroko probarako dagoeneko izen emateko epea irekita dagoela. Maratoi erdirako lehenengo 200 dortsalak lehenengo orduetan agortu ziren. Egun, 29 euroan eros daitezke 500 dortsalera heldu arte. 10 kilometroko probarako, berriz, dortsalak prezio murriztuan egoten jarraitzen dute, hain zuzen, 19 euroan. 2027ko edizioko helburu solidarioa haur diabetesaren aurkako Mi Dulce Guerrero elkartearentzat izango da, ikerkuntzarako funtsak biltzeko.
Datorren urteko otsailaren 28ra heldu aurretik, ekainaren 7an bost kilometroko proba antolatuko dute erdialdeko kaleetan. Lasterketa eta adin guztientzako jarduerak izango dira goizean zehar, eta dagoeneko izen emateak zabalik daude. Ekainaren 27an, San Martzialgo igoera antolatuko dute hiriko jaiekin bat eginez.

