Haurrak parkean, maiatzean martxan
Maiatzeko asteazkenetan eta ostiraletan, euskararen erabilera sustatzeko jolasak antolatuko dituzte hiriko hainbat parketan.
Maiatza hastearekin batera, Haurrak parkean egitasmoari berriro ekingo diote. Haurren artean euskararen erabilera sustatzeko jolasak antolatuko dituzte berriro ere. 3 eta 9 urte arteko haurrek aukera izango dute asteazkenetan eta ostiraletan euskaraz jolasteko eta euskararen erabileran eragiteko. Asteazkenetako hitzordua Nagore Laffage eta Partxis parkeetan izango da, beti ere, euririk egiten ez badu; bestela, Toki Alai ikastetxeko patio estalira eta Olaketa kalera lekualdatuko dute egitasmoa. Ostiraletako hitzordua, berriz, Sargia eta Oñaurreko parkeetan izango da, eguraldi txarra eginez gero Sargiako frontoi txikian eta Oñaurre parkeko aterpean.
Haurrak parkean bi taldetan banatuko dute. Batetik, Zabu Zibu txanda egingo dute 17:00etatik 18:00etara izango da, 3 eta 5 urte bitarteko haurrentzat. Kasu honetan, haurrek guraso batekin egon beharko dute jolastu bitartean. Beste alde batetik, Txirrintxon txanda egingo dute 18:00etatik 19:00etara. Bigarren txandan, 6 eta 9 urte arteko haurrek parte hartuko dute.
Txanda bakoitza amaitzean, gurasoek galdetegi txiki bat bete beharko dute. Orain arte egitasmoak izan duen balorazioa oso positiboa izan da, “asko eskertzen dute aukera hau egotea”. Josu Iguiñizek, Euskara ordezkariak esker oneko hitzak izan ditu: “Ondo pasatzeaz gain familiako hizkuntza-ohituretan aldaketak lortzen dira eta, horregatik, egitasmo hau bultzatzen jarraituko dugu Irunen euskararen erabilera sustatzeko”.
Egitasmoa martxoan, maiatzean eta urrian antolatzen dute, eta ikasturte honetan egindako aurreko bi txandek aurreikuspenak bete dituzte. Urriko txandan, 292 haur eta 90 heldu izan ziren; martxokoan ere, parte hartzaile kopurua antzekoa izan zen.

