Herritarrek egindako hamabi proposamen burutuko ditu udalak
Puntaleko haur parkea berritzea, Akartegi auzoan bankuan jartzea, argiztapena hobetzea, seinalizazioak hobetzea... 228 proposamenetatik 12 aukeratu ditu Hondarribiko Udalak. 210.148,49 euro izango dira.
2026ko aurrekontuen barnean, udal gobernuak berritasun bat txertatuko zuela iragarri zuen azaroan: aurrekontu parte hartzaileak. Udalak 200.000 euro jarri zituen herritarren eskuetan, haien proposamenak egin eta diru hori gastatzeko. Orotara, 228 proposamen erregistratu dira, eta horietatik hamabi aukeratu ditu udalak sortutako berme taldeak. Azkenean, 210.148,49 euroko gastua izango da, eta azaroan aipatutako bozketa ez da egingo.
Aurrekontu parte hartzaileetan onartutako proposamenak hurrengoak dira:
-
Puntaleko haur parkea berritzea – 87.120,00 euro
-
Guadalupen zabuak jartzea – 42.350,00 euro
-
Butroi pasealekuko komunen ordutegia zabaltzea – 4.071,57 euro
-
Akartegi auzoan bankuak jartzea – 1.815,00 euro
-
Asto bidea konpontzea – 18.150,00 euro
-
Bizikleta-bideen arteko loturen azterketa – 14.520,00 euro
-
Helduentzako gimnasia-aparatuak Biteri kalean eta Kasino Zaharrean – 14.371,78 euro
-
Hondarribiko euskararen inguruko azterlana – 17.545,00 euro
-
Bizikleten aparkalekua Jaizkibel Hiribidean – 1.085,37 euro
-
Alde Zaharreko parkinen seinalizazioa hobetzea – 5.747,50 euro
-
Zebra-bideen argiztapena Amuten eta Kosta kalean – 2.286,90 euro
-
Amute kirolguneko kartelak berritzea – 1.085,37 euro
Prozedurari begira, lehenik, proposamenak udal teknikarien eskuetan jarri ziren. “228 proposamen horien bideragarritasun teknikoa aztertu zuten, eta, ondoren, udal talde bakoitzeko pertsona batek osatzen duen berme taldeak balorazio lana egin du”, esan du alkateak. Berme taldeak jada, teknikarien galbahea eginda jaso du. “Berme taldeko kideok 20 proposamen jaso genituen, teknikariek bideragarriak ikusten zituztenak. Lehenagotik irizpideak ezarriak zeuden, eta beraz, horiek kontuan hartuta baloratu genituen 20 proposamen horiek”, azaldu du Garoa Lekuona berme taldeko kide eta zinegotziak.
Azaroan azaldutako prozeduran proposamenak bozketa batera eramango zirela esaten zen, baina azkenean ez da bozketa hori egin. “Baldintzak bete dituzten eta puntuaketa altuenak dituzten proposamenen balioa 210.000 euro ingurukoa izan da, eta beraz, udaletxeak 10.000 euro gehigarri horiek bere gain hartuko ditu”. Iosu Alvarez berme taldeko kideak eta zinegotziak adierazi du hamabi proposamenek herriko hainbat eremu jorratzen dituela, eta era berean, herriko hainbat kolektibo.
Aniztasuna
Adin eta genero aniztasuna gailendu da proposamenak egiterakoan. Igor Enparan alkateak adierazi du herriaren aniztasuna irudikatu dela proposamenei esker. “228 proposamenetatik 115 emakumeek egindakoak dira, 69 gizonezkoek, 38 genero ez bitarrek eta 6k ez dute haien generoa definitu”. Adinari begira, 18 eta 30 urte bitarteko pertsonek hamazazpi eskaera egin dituzte, 31 eta 45 urte artekoek 65, 46 eta 65 urtekoen artean 68 eta 65 urtetik gorakoek 55, eta, azkenik, 23 eskatzailek ez dute haien adina definitu.
Atzean utzi diren proposamenetako askok, “maila apalean” betetzen zituzten ezarritako irizpideak, eta horiek udal sailetatik bideratuko direla azaldu du Enparanek. “Ahal den neurrian, proposamen asko errealitate bihurtzeko aukera aztertuko da”. Horrez gain, azaldu dutenez, 228 proposamenen balorazio teknikoak argitaratuko dituzte, “gardentasunaren aldeko” lanketa batean.

