Informatika zerbitzua udalaren esku gelditzea bozkatuko dute gaur
Apirileko udalbatza egingo dute gaur, eta ezarritako puntuen artean, gaur egun kanpo zerbitzuz kudeatzen den informatika saila berreskuratzea eztabaidatuko dute.
Atzoko Plenoaren irudi bat. Argazkia: Hondarribiko Udala Hondarribiko udal gobernuak informatika zerbitzua udalean bertan egituratzea nahi du, eta proposamen hori eramango du gaurko udalbatzara. Egun, kanpoko zerbitzu batek kudeatzen du udaleko informatika, baina Igor Enparan alkateak adierazi du orain kontratua amaituta dagoela, eta egoera hori ezin dela luzatu. Udal gobernuak adierazi du udaleko zerbitzuen modernizazioaren parte dela proposatuko duten neurria, herritarrei zerbitzu “hobeagoa” eskaintzearen aldekoa.
Informatika zerbitzua udalaren baitan egongo balitz, udalak bi lanpostu berri aurreikusten ditu; bi teknikari laguntzailerena. Aurreikuspen ekonomikoek diote bi lan postu berrien kostua 55.469 eurokoa izango dela, oraingo zerbitzuarengatik ordaintzen diren 80.000 euroak baino baxuagoa. Proposamenak zehazten du orain arte kanpo zerbitzua eskaintzen zuten bi langileak gehitzera lanpostu berrietara.
Zerbitzua ezartzeko, hainbat txosten egin dira, eta horiek diote kanpoko zerbitzuen menpekotasunak hainbat muga ezartzen dituela egunerokoan. Zailtasun horien artean, hurrengoak zerrendatu ditu udalak: “Gorabeherei berehalako erantzuna emateko zailtasunak, udal sail guztien beharrei modu integralean erantzuteko oztopoak, plangintza teknologiko propioa garatzeko mugak eta ezagutza teknikoa udal barruan mantentzeko zailtasuna”.
Aurrera doaz
Azaldu dutenez, ez da erraza kanpo zerbitzu bat berriro ere udaletxearen esku jartzea. Horretarako, hainbat txosten egin dira. Informatika teknikariaren txostena (teknikoa), udal idazkariaren txostena (juridikoa) eta kontu hartzailearena (ekonomikoa). Lehenengo biak aldekoak izan dira, baina kontu hartzailearena ez. Azken txosten horrek dio ezin direla aurreikusi etorkizunean subrogazioak izan ditzakeen kostuak, eta horregatik ez dela gomendagarria informatika zerbitzua udalaren menpe gelditzea. Halere, txostena ez da proposamena eteteko modukoa, eta beraz, udal gobernuaren erabakia aurrera jarraitzea da.
Abotsanitzek eta EH Bilduk osaturiko gobernuak argi du 2023. urtetik, hau da, agintaldiaren hasieratik, udal kudeaketa eredua “modernizatzen jardun dutela”. Horrez gain, hainbat kontratazio puntu berritzeko apustua eta beharra izan du gobernuak azken urteetan, eta horien barnean kokatzen da informatika zerbitzua. “Informatika zerbitzua udal jardun osoaren oinarrietako bat da, eta beharrezkoa da gaitasun hori etxe barruan sendotzea. Herritarrei zerbitzu hobeagoa eskaintzeko lanean jarduten dugu”, azaldu du alkateak.

