Super Amara BAT taldeak hasiera bikaina izan du Kluben arteko Espainiako Ligan
Emakumezkoen taldeak Ohorezko Mailan bigarrenak izan dira; eta gizonezkoak, berriz, Lehen Maila Nazionaleko hirugarrenak izan dira.
Larunbatean, Super Amara BAT-eko atletek Kluben arteko Espainiako Ligari ekin zioten. Espainiako taldekako atletismo txapelketa garrantzitsuena da, eta modu bikainean aritu ziren gizonezko zein emakumezkoek. Emakumezkoak Bartzelonan izan ziren Ohorezko Mailako lehenengo jardunaldian; eta gizonezkoak, berriz, Manresan (Herrialde Katalanak) izan ziren Lehen Maila Nazionalean.
Bidasoko emakumeen taldea Diputazio Valentzia, AA Katalunia eta Tenerife CajaCanarias taldeekin batera aritu zen. Lau taldeen artean bigarrenak izan ziren, Valentziarren atzetik. Guztira 185 puntu lortu zituzten, eta bigarren postua lortuta aurrerapauso garrantzitsua egin dute maila gorenean jarraitzeko eta azken bi urteetako sailkapen historikoak errepikatzeko.
Alaine Aguerraldek 400 metrotan, Douae Ouboukirrek 300 metro oztopotan, Arielle Ngolek diskoan, eta 4×400 metroko errelebotan garaipena eskuratu zuten. Podiumaren gorenean egon gabe, lau bigarren postu eta bederatzi hirugarren postu eskuratu zituzten Bidasoko atletek. Kirolari guztien jarduna bikaina izan zen sailkapenerako puntuak eskuratzeko.
Gizonezkoek, berriz, ezin izan zuten emakumeek lortutako bigarren postua berdintzea lortu zortzi punturengatik. Lehen Maila Nazionaleko lehen jarduna izan zuten Manresan (Herrialde Katalanak), Esport Menorka, Avinent Manresa eta Hiru-Herri taldeen aurka. Eguneko jarduna amaituta, hirugarrenak izan ziren bigarren izan zen Manresarengandik zortzi puntura. Garaipena Menorkako taldearentzat izan zen, 201 puntu eskuratuta. Bidasoko gizonezkoen taldeak 163 puntu eskuratzea lortu zuen.
Errelebotan nagusi izan ziren, eta 4×100 metro eta 4×400 metro irabaztea lortu zuten. Gainera, Iker Piñeira 100 metrotan, Seckou Sissoko 400 metrotan eta Ander Aramendi 3.000 metrotan sailkapeneko lehenak izan ziren. Hori gutxi ez, eta hiru bigarren postu eta bost hirugarren postu eskuratu zituzten. Podiumera heldu gabe meritu handiko postuak lortu zituzten bidasoarrek.
Etxera bueltatuz, Gipuzkoako kategoria gazteen oztopo txapelketa izan zen Ordizian. Bertan, Adur Errazkin 1.500 metroko proban gailendu zen eta Naia Piquer 200 metroko proban; gainera, Telmo Nausiak eta Noa Lekuonak Espainiako Txapelketan parte hartzeko gutxieneko marka eskuratu zuten.
Tolosan, berriz, Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketako bigarren jardunaldia jokatu zuten Super Amara BAT taldeko hainbat kirolarik.

