Mendeluk eta mendeluarrek merezi dutelako
Fermintxoenea Stanley izan zen gero, orain, Mendeluenea da. Espazio berri bat irabazi du herriak, Hondarribiko Udalaren ekimenez. Jada irekita dago beheko solairuko Opengela.
Urteak dira Mendelura sartu eta Mendelu ere Hondarribia da lelodun oihalak hainbat balkoitan ikusten direla. Aldarrikapen bat da, sentimendu batek eragindako aldarrikapena, bazterkeriak eragindako aldarrikapena. Askotan, badirudi Hondarribia Alde Zaharrera, Portura eta hondartzara mugatzen dela, baina ez da horrela. Hamar auzok osatzen dute herria: Akartegi, Alde Zaharra, Amute-Kosta, Arkolla, Gornutz, Jaizubia, Mendelu, Portua, Puntala eta Zimizarga. Jaizubia eta Mendelu dira erdigunetik urrutien dauden eremuak, eta horrek utzikeria sentsazioa ematen die bertako auzokideei.
Mendeluko bizilagunek urteak daramatzate auzoak jasaten duen «utzikeria eta bazterkeria» salatzen, haien ustez, Hondarribiko Udalak ez baititu auzoaren beharrak asetzen. Hirigintza arazoak, hala nola espaloi estuak edota zaharkituriko etxebizitzak, aireportuaren zabaltze planek sortutako arazoak, Amuteko errekak eragindako uholdeak… hainbat dira mendeluarrek aldarrikatzen dituzten aferak. Horrez gain, auzoak jasaten duen trafiko jarioa handia da, Hondarribiko sarrera garrantzitsuenetakoa baita, eta horrek sortzen duen zarata eta arriskua hainbatetan izan dira Mendeluko bizilagunen kexen oinarri. Horri gehituz, bidegorria eskatzen dute auzokideek eta beste hainbat elkartek, Irun eta Hondarribia behingoz lotuko lituzkeena.
Hainbat hirigintza azterketa egin dira Mendelu auzoan eta inguruko eremuetan. Horren harira Mendelu eta Eskapatxulo eremuak hobetuko lituzkeen Plan Berezia aurkeztu zen duela urte batzuk, pandemia baino lehenago, HAPOaren barnean gauzatuko litzatekeena. Horregatik, HAPOaren menpe egonik, hori bera onartzea izango litzateke lehenengo pausua. Halere, Mendeluko bizilagunek urte askotan zehar salatu dute ez dela haiekin kontatu Plan Berezia egiterakoan. Hori bera kudeatzeko, 2020. urtean sortu zuten Mendeluko Auzokideen Elkartea, bizilagunen eta udalaren artean zubiak eraikitzeko helburu argiarekin.
2023. urtean iritsi zen udal gobernu aldaketa. Abotsanitz eta EH Bildu herria gidatzen hasi zirenetik, berebiziko garrantzia eman diete auzoei, nabarmenduz Hondarribia herri «zentralizatua» dela, Alde Zaharrean eta Portuan jomuga jarriz. «Hondarribia deszentralizatzea garrantzitsua da guretzat, auzoei behar duten garrantzia emanez», esan izan du Estitxu Urtizberea Hirigintza zinegotziak. Horren harira sortu du udalak Auzobihotzak egitasmoa. HAPOaren barnean idatzitako tresna bat da, «auzoek galdutako bizitza berreskuratzea» xede duena. Espazio publikoaren berrantolaketa polizentriko bat da, hau da, fokua erdigune ezberdinetan ezartzen duena, horrela, sistema deszentralizatuz.
Ate berriak zabalik
Mendeluenea eraikina inauguratu zuten aurreko astean. Stanley moduan ezagutu dute askok, eta auzoko beteranoentzat Fermintxoenea da. 2023. urtean erosi zuen Hondarribiko Udalak eraikina, 569.000 euroko inbertsioa egin zuen. Hasieratik, helburua argia zen: Opengela bat irekitzea. Opengela baten helburua da auzoaren biziberritzerako tresna bat izatea. Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza oinarritutako bulego bat da, auzoan ezarria, eta auzoko gabeziak konpontzeko laguntza administratiboa ematen duena. «Mendeluko Opengela Mendelueneako beheko solairuan kokatuko da. Bertan, hainbat laguntza administratibo izango dira, hala nola arkitekto bat, auzoko hirigintza gabeziak aztertzeko; edota administrazio publikoan aditu bat», azaldu zuen aurreko astean Igor Enparan Hondarribiko alkateak. «Hurbileko arreta bulego» modura deskribatu du espazioa udalak, auzokideei informazioa eta laguntza eskaintzeko prestatua.
BAZ bulegoan aurki daitekeen makina berbera ezarri dute Mendeluenean. Horren bidez, hainbat izapide egin ahalko dira bertan, hala nola errolda agiriak, udal zerga ordainketak, sarrera elektronikoak edota kultur ekitaldietarako sarrerak lortzeko kudeaketa. Udal bulegoak hurbildu egin nahi izan dituzte urrutiko auzoetara. «Milioi bat euroko inbertsioa izan da. Eraikinean berritze lanak egin dira, eta orain, obrak bukatuta, herriari ireki diogu», azaldu du Enparanek.
Beste bi solairuak elkarteentzat eta herri eragileentzat bideratuko dira. Baina ez denak. Garaitu zerbitzua bertan ezarriko dute. Titulartasun publikoko zerbitzua da, Gipuzkoako Foru Aldundiarena. Zehazki, indarkeria matxista eta sexu-erasoak jasan dituztenei arreta psikosoziala, sozio-hezitzailea eta sozio-juridikoa emateko zerbitzua da. «Garaituz zerbitzuak bere espazioa izango du, artatze espazioa. Beste gelak, kulturgintzari, herrigintzari edota sorkuntzari bideratu nahi dizkiogu», azaldu du Urtizbereak. Horretarako, lehiaketa bidez egingo dute prozesua, eta iragarri dutenez, epe laburrean.
Aitortza bat merezi zuen Mendelu auzoak Urtizberearen ustez. «Badirudi Amuteko zubia benetan muga bat dela, haustura bat irudikatzen duela. Hondarribiko Udalari inporta zaio Mendelu, eta horrelako egitasmoak burutzea da horren adibideetako bat». Asko gelditzen da erreparatzeko, eta Mendeluko auzokideek erreferentziazko gune berri bat irabazi duten arren, hainbat gai gelditzen dira konpontzeko.

