Irunbuseko 5. linea, iristear
Fermin Calbeton kalean hasita, hiriko iparraldea eta hegoaldea lotuko ditu Erdialaldetik pasata Elizatxora arte, 30 minutuko maiztasunarekin.
Irungo Udalak Irunbuseko zerbitzua kudeatzeko kontratua esleitu du, eta Fermin Calbeton kalea eta Elizatxo lotuko dituen 5. linea sortzea aurreikusi dute. San Juan – Elizatxo – Mendibil – Ficoba izena edukiko du, eta hiriaren iparraldea eta hegoaldea lotuko ditu. Fermin Calbeton kaletik hasi, eta Kolon ibilbidetik Ficobarako bidea egingo du, ondoren Erdialdera bueltatzeko eta Gipuzkoa hiribidetik Elizatxora joateko. 5. lineak, batez ere, erdiguneko kaleak zeharkatuko ditu, eta hamar metroko ibilgailu elektriko bat ahalbidetuko dute. Udalak Mendibil inguruko bizilagunen eskaerei erantzuna emango die zerbitzu berri honekin.
Kontratua Semura Bus S.M enpresari esleitu zaio 3,4 milioi eurotan, eta 20 hilabeteko iraupena izango du.
“Kontratu berri honek barne hartzen dituen hobekuntza horiek modu positiboan eragingo diote helmuga gehiago izango dituen herritarrei, 5. linea berriari edo eskaera handia duten lineetako maiztasun hobeei esker”, adierazi du Cristina Laborda alkateak. 5. linea sortzeaz gainera, 1. linea indartzeko hamabi metroko autobus elektriko bat jarriko dute. Iaz, 1,6 milioi bidaiarik erabili zuten Zaisa – Ospitalea linea, eta eskaera handiari aurre egiteko beste ibilgailu elektriko bat jarriko dute. Hala ere, orain arteko maiztasuna mantenduko dute.
Bestalde, Gautxori zerbitzuaren maiztasuna nabarmen handituko dute; Behobia eta Katea auzorantz doazen gaueko lineetan orduko maiztasuna izatetik 30 minutukoa izatera igaroko da. Kontratua formalizatzen denetik, bi hilabeteko epean jarriko dute martxan zerbitzua.

