Irakurzaletasuna sustatzeko xedearekin
Liburuaren eguna da gaur, eta liburutegian hainbat egitasmo prestatu dituzte.
Liburuaren eguna da gaur, eta Hondarribian badago zer egin. Irakurzaletasuna sustatzeko xedearekin, liburutegiak hainbat ekintza antolatu ditu. Aurreko astean, Ane Zubeldiak bere Kontra liburua aurkeztu zuen, liburuaren egunaren harira, eta adierazi dute harrera beroa izan zuela ekitaldiak.
Talaia eskolako ikasleek Haiku lehiaketaren harira hainbat idazlan egin dituzte, eta horien aukeraketa batekin erakusketa bat egin da, liburutegian bertan. Gainera orrimarkatzaile berriak egin dira aukeratutako haikuekin.
Larunbatean bookcrossing egitasmoa burutuko dute. “Herriko hainbat txokotan liburuak “askatuko” dira, irakurle berrien eskuetara iritsi daitezen eta literaturaren zirkulazioa sustatzeko. Hondarribiko liburutegiak herritar guztiak gonbidatzen ditu ekintza hauetan parte hartzera eta Liburuaren Eguna elkarrekin ospatzera“, adierazi du liburutegiak.

