Kostata baino iritsi da Biok Txingudiren lehenengo garaipena
Modu bitxienean heldu da denboraldiko lehenengo garaipena, larunbateko partidan Uni Bilbo B taldeak ez baitzituen beharrezko jokalariak aurkeztu.
Txingudi/Baztan/Orereta La Unicaren aurkako partidanFermin Garaioa Denboraldi zaila izaten ari den arren, Biok Txingudik denboraldiko lehenengo garaipena lortu zuen larunbatean, Uni Bilboren aurka. Gainera, modu bitxienean lortu zuten garaipena. Larunbatero bezala, partida jokatuko den zelaira bidaiatu zuten, kasu honetan, Bilbora. Behin hara iritsita Uni Bilboren bigarren taldeak ez zituen nahikoa jokalari aurkeztu norgehiagoka jokatzeko.
Bilbotarren lehenengo taldeak Erreginaren Kopako finalerdietara sailkatzearen ondorioz, jokatu zezaketen jokalari guztiak deitu zituen, eta bigarren taldearen partidarako zortzi jokalari bakarrik utzi zituzten. Jokatzeko gutxienekoa bederatzi izanik, Lehiaketa eta Kirol Diziplina Batzordeak partida bertan behera utzi zuen. Hori dela eta, bi taldeek entrenamendu partekatu bat egin zuten bertan. Ebazpenak Biok Txingudi partidaren garaile izendatuko du, baina hala ere, emaitzak ez du sailkapenean eraginik izango.
Garaipen “bitxia” eskuratuta, aurtengo denboraldia amaitu du Biok Txingudik. Datorren asteburuko partida ez baita jokatuko. Berez, Gaztediren aurkako norgehiagoka jokatu behar zuten; baina, gasteiztarrak Ohorezko B mailara igoera faseko lehia izango dute. Hortaz, ez dute Euskal Ligako partida gehiagorik jokatuko datorren denboraldia hasi bitarte.
Txingudi/Baztan/Orereta 16 urtez azpiko taldeak azken fasearekin amesten jarraitzen du. Larunbatean, La Unica Iruñean garaitu ostean (17-34), sailkapeneko bosgarrenak dira zortzi puntura. Erronka zaila izango da, denboraldia amaitzeko hamar puntu besterik ez baitaude jokoan. Hala ere, taldea ilusioz gainezka dagoela ziurtatu du klubak.

