Herritarrek gogo handia dute eraberritutako hiria ezagutzeko
Martxoaren 23an, 'Via Irun - Hiria gara' erakusketa estreinatu zuten, eta egunotan 2.300 lagun baino gehiago izan dira erakusketa bisitatzen.
Herrritarrek gogo handia dute Via Irun delako proiektuaren nondik norakoak ikusteko. Datozen urteetan, Irungo trenbidearen eremua eraberrituko dute, Gipuzkoan orain arte egin den birgaitze proiektu handiena izango da. Proiektua herritarrei hurbiltzeko Via Irun – Hiria gara erakusketa estreinatu zuten martxoaren 23an. Igandea, hilak 18, izan zen hura bisitatzeko azken eguna, eta egunotan zehar, 2.300 lagun baino gehiagok bisitatu dute CBAko erakusketa. Horietatik askok bisita gidatuetan parte hartu dute.
Herritarrek aukera izan dute 1.000 orrialde baino gehiagoko dokumentu teknikoa bertatik bertara ezagutzeko, proiektuaren xehetasun guztiekin. Proiektuaren elementu aipagarrienetako bat bisita gidatuak izan dira, eta hauen bitartez, azalpen zehatzagoak jasotzeko aukera izan dute. Guztira 300 pertsona baino gehiagok parte hartu dute. Hasiera batean programatutako bisiten geheieneko aforoa bete da, eta bisita gidatu gehiago antolatu behar izan dituzte. Azkenean, 22 bisita gidatu eskaini dituzte, horietako batzuk, sektore espezializatuagoentzat izan dira.
Interes gehien piztu duen gaia topoaren trenbide berriaren eta ADIFen trenbideen integrazioa izan da. Beste alde batetik, udalak azpimarratu du erakusketaren bigarren egunean, martxoak 24, CBAko Irun Zuzenean aretoan egindako hitzaldian ehun bat lagun bildu zirela, eta aretoa jendez lepo bete zutela. “Bisita gidatuak oso aukera ona izan dira, proiektua zuzenean helarazteko, herritarren zalantzak argitzeko eta haien interes handiari erantzuteko bide eman baitigute”, adierazi du Cristina Laborda alkateak.
Erakusketa hiru bloke tematiko nagusitan egituratu dute, trenbide eremuak Irunen historian izan duen bilakaera herritarrei azaltzeko. Lehenengo blokean, trenak hirian izan duen eginkizuna azaldu dute; bigarrenean, Aduana zena eta hiri barruti berritzaileko eraikin zentral gisa beteko duen eginkizuna; eta, hirugarrenean, hiri osoak urteotan izan duen garapen orokorra. “Vía Irun martxan dago jadanik, eta, horren adierazgarri dira tren geltoki berria eta Aduanaren eraikinaren birgaikuntza, besteak beste”, gehitu du alkateak.

