Artia bisitatuko du Cristina Labordak
Ostegun honetan, hilak 23, 17:00etan bizilagunekin batera auzoko kaleak bisitatuko ditu, eta 19:00etan auzo-elkartean bilduko da.
Hilabetean behin, Cristina Laborda alkateak auzo bat bisitatzen du, eta oraingo honetan, Artian izango da. Ostegun honetan, hilak 23, alkateak auzoko kaleak bisitatuko ditu bizilagunekin batera, eta ondoren auzo-elkartean bizilagunekin elkartuko da. Ibilbidea 17:00etan izango da; eta bizilagunekin bilera, 19:00etan izango da. Alkatea auzoetan egitasmoaren baitan, antolatutako bisitaren helburua herritarren ideiak, kezkak eta iritziak bertatik bertara entzutea da.
Hilabeotan zehar Behobian, Urdanibian, Lapitze-Elitxun, San Migelen, Arbesen, Santiagon, Alde Zaharra-San Juanen, Anaka-Puianan, Larreaundin, Dunboan, Katean, El Pinarren, Anzaranen, Belaskoenean eta Erdialdean egon da Laborda. “Itxuraz txikiak diren proiektuen bidez, parte hartzean oinarritutako hiri inklusibo bat eraikiko dugu”. Ohiko legez, uzotarrek beren proposamenak helarazteko espazio bat izango dute udal webgunean.
Martxoan, Laborda Erdialdean izan zen, eta jasotako iradokizun guztiak aztertuta, bizilagunek poliziaren zaintza areagotzea, Kolon pasealekuko baldosak konpontzen jarraitzea eta Mendibileko argiztapena hobetzea eskatu zuten alkatearekin egindako bileran.

