150 xakelari bildu ziren Uranzu pilotalekuan, larunbatean
Salto Bidasoa Xake Klubak bosgarren Salto Systems txapelketa antolatu zuen, eta hainbat kategoriatako partidak jokatu zituzten.
Pilotalekuetan hainbat kirol jokatu ohi dira, eta larunbat honetan, hilak 18, xakeak bete ditu pilotalekuko koadroak. Salto Bidasoa Xake Klubak udalaren, Gipzukoako Xake Federazioaren eta La Salle San Luisen laguntzarekin Salto Systems Txapelketa antolatu du. Aurtengoa bosgarren edizioa izan da, eta bertan 150 parte hartzaile izan dira. Xakelariek zazpi errondako suitzar sistemarekin eta 7+3 minutuko joko erritmoarekin partida ugari jokatu zituzten.
Txikien kategoriako xakelariak izan ziren gazteenak. Lehiaketaren erdian merienda bat (sandwicha eta edaria) eskaini zitzaien 16 urtez azpiko parte-hartzaile guztiei, eta lunch bat kategoria absoluturako.
Kategoria absolutua bi taldetan banatu zuten. Lehenengo kategoria, federazio lizentzia duten jokalarientzat erreserbatua, eta Elo Fide Blitz lortzeko baliagarria. Bigarren taldea federazio-lizentziarik ez zuten jokalari zaleentzat eta 1600 Elo Estandar baino gutxiagoko jokalari federatuentzat zen.
Kategoria absolotuan, federatuetan, Oier Sarasketa izan zen garaile; eta emakumezkoetan, Siena Ibarra. Absolotu afizionatuetan Juan Antonio Pereira lehenengo postuan amaitu zuen arratsaldea, eta emakumezkoetan, berriz, Ana Gonzalezek lortu zuen lehenengo postua. 16 urtez azpikoetan hiru taldetan banatu ziren parte hartzaileak. A taldean, Ekain Bengoetxea eta Sara Olaso; B taldean, Mikel Perez eta Olga Garcia; eta, C taldean, Hugo Lanz eta Sofia Bizgan izan ziren garaileak.

