Gabiria industrialdera joango den bidegorri proiektua berriz aztertzea eskatu du Eguzkik
Talde ekologistaren ustez, proiektuak ez ditu gutxieneko zabalerak errespetatzen eta gainera errepide arriskutsuak zeharkatzen ditu.
Bizikleta garraiorako ere badela adierazi du EH Bilduk Eguzki talde ekologistak Jaizubia eta Gabiria industrialdearen (Irun) arteko bidegorri proiektua berrikusteko eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiari, egitasmoak Gipuzkoako Bizikleta Bideen Planak ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen ez dituelaren usteak baititu. Alegazioak aurkezteko epea baliatuz egin dute eskaera, eta proiektua ez onartzea eta berriro aztertzea eskatu die. “Funtsean, gutxieneko zabalera errespetatzeko eta errepide arriskutsuak zeharkatu beharra saihesteko eskatu diogu”, azaldu du Eguzkik.
Proiektuak 800 metroko luzera du eta suhiltzaileen parketik abiatu, eta Gabiriako industrialdean amaitzen da, A-8 autobidearen azpiko pasabidean. Luzera laburra izan arren, Eguzkik azpimarratu du tartea estrategikoa dela, izan ere, Irun eta Donostia lotu behar dituen Oinarrizko Sarearen lehenengo ibilbidearen parte da. “Gaur egun, Irun eta Errenteria artean ez dago txirrindulari eta oinezkoentzako biderik”, gehitu du ekologisten taldeak.
Talde ekologistaren arabera, arazo nagusietako bat bidegorriaren zabalera da. Indarrean dagoen araudiaren arabera, bi norabideko eta oinezko zein txirrindulariek partekatutako bideek gutxienez 4 metroko zabalera izan behar dute. Hala ere, Letxunborro etorbideko zatian aurreikusitako zabalera 3 metrokoa da, eta ez ditu bereizten oinezkoen eta bizikleten erreiak. Eguzkiren ustez, horrek gatazkak eta arrisku egoerak areagotuko ditu erabiltzaileen artean.
Bestalde, proiektuak beste gabezia batzuk ere badituela ohartarazi dute. Zehazki, bidearen erabiltzaileek tarte laburrean hainbat aldiz zeharkatu beharko lituzkete zirkulazio handiko errepideak, eta horrek segurtasuna kolokan jar dezakeela salatu dute.
“Atzerapen handia”
Eguzkik gogorarazi du Gipuzkoako Bizikleta Bideen Plana 2013an onartu zela eta aurreikusita zegoela oraindik egin gabe zeuden sareko zatiak 2021erako prest egotea. Irun eta Errenteria arteko lotura, ordea, oraindik gauzatu gabe dago, eta atzerapena “handia” dela nabarmendu dute.
Hala ere, taldeak azpimarratu du lanak lehenbailehen hasteko dagoen premia ez dela aitzakia izan behar “edozein soluzio” onartzeko. Horregatik, proiektua egokitu eta gutxieneko baldintzak bermatzeko eskatu dute, bai zabalera egokia ziurtatuz, bai bidearen segurtasuna hobetuz. Eguzkik uste du, bestela, aurrekari txarra ezarriko litzatekeela etorkizunean Irun eta Errenteria arteko ardatza osatuko duten gainerako bidegorri-proiektuentzat.

