Lakaxita Gaztetxea bizirik, baina nola?
San Migel-Anaka eremuko obrak direla eta, Lakaxita Gaztetxearen inguruko zuhaitzak moztu behar izan dituzte. Gaztetxeko kideek Lakaxitaren etorkizuna ez dute argi ikusten, eta arrisku egoeran daudela salatu dute.
Lakaxita Gaztetxearen sarrera nagusia.Imanol Saiz Gomez de Segura Lakaxita Gaztetxean ez da musikarik entzuten, hondeamakinen soinua besterik ez da. Obrek Lakaxitaren eremua okupatu dute. Gaztetxetik metro gutxira, San Migel-Anaka eremuko babes ofizialeko 887 etxebizitza eraikitzen hasi dira berriki. Bi auzoak eraberrituko dituzte datozen urteotan, etxebizitzak, azpiegiturak, errepidea… dena berrituko dute. Egoera honen aurrean, Lakaxitaren etorkizuna arriskuan dagoela zehaztu dute gaztetxeko kideek, Lakaxitan bertan.
Unai Etxabe Martin eta Andrea Santos Rabadan HITZArekin izan dira gaztetxeak azken hilabeteetan izan duen bilakaeraz mintzatzeko. Azkenaldian, San Migel-Anakako obrak irundarren ahotan bolo-bolo daude, eta nola ez, baita gaztetxeko kideen artean ere. Martxoan lanak hasi zituzten eta 2030rako bi auzoak eraberrituko dituzte aurreikuspenen arabera. «Gaztetxea arriskuan ikusten dugu», adierazi dute aho batez. Obrak aspalditik iragarrita egon arren, sorpresaz harrapatu dute udalaren erabakia gaztetxeko kideek.
Obrak egiteko eremua garbitu behar izan dute, eta gaztetxearen inguruko zuhaitzak moztu behar izan dituzte. «Zuhaitzen afera aspalditik gertatuko zela bagenekien, baina ez genekien noiz eta nola izango zen», kontatu du Santosek. Gaztetxeak beti izan duen eremu berdea eta zabala «goitik behera» aldatu dute azkenaldian. «Beti esan digute eremua Plaiaundiko kirol instalazioen aldetik hasiko zituztela, baina egun batetik bestera Lakaxita ondotik hasi zituzten obrak», dio Etxabek.
Obra guztiek planoa izaten dute, eta horiek zehatzak izan behar dute. «Kasu honetan, San Migel-Anaka eremuaren gaineko hainbat plano argitaratu dituzte: plano batean, gaztetxearen eremuan etxe bat ageri da, ez da Lakaxita berez, baina eraikin bat ageri da gaztetxearen toki berdinean. Eta bestean, berriz, zona berdea ikusten da, eraikinik gabe». Etxabek eta Santosek ez dute argi zein plano izango den kontuan hartuko dutena.
Gaztetxearen inguruko obrak egiteko eremua hesitu dute, «kristoren obra» egingo dutela uste dute. «Legalki ezin dute eraikina bota, epaitegien bidea hartu beharko lukete eraitsi ahal izateko. Ez dakigu benetan zer gertatuko den gaztetxearekin», nabarmendu du Etxabek. Gaur egun gaztetxeko zelai berdeek ez dute duela hilabete batzuk zuten irudi bera, «kontzentrazio-esparru baten antza du orain eremuak».
Beti alertan
Obrak egun batetik bestera hasi zituzten. «Eskerrak obrak hasi zituzten egunean bertan, goizean, gaztetxeko bi kidek eraikuntzarako makinak ikusi zituztela. Gaztetxeko kideei abisatu eta gure eremua defendatzeko deialdia egin genuen», gogorarazi du Santosek. Makina guztiak gaztetxearen atzean dagoen sasien eremutik sartu zituztela azaldu dute, eta bizpahiru egunez gunearen inguruak zaintzeko txandak antolatu zituzten.
«Eremua hesitu zutenean barruraino sartuko ote ziren beldur ginen», aitortu dute. Hori ekiditeko ezinbestekoa izan da kideen elkartasuna. «07:30etik aurrera guardiak egin genituen obrak hasi zituzten astelehenetik asteazkenera bitarte», erantsi du Etxabek. Bi egun horietan egindako txandek helburu garbia zuten: eremua markatzea, eraikinera ez hurbiltzeko.
Metro guztiak garrantzitsuak dira. «Eremuaren kanpoko zuhaitzak bota dituzte, eta esan digutenagatik parke berdea eraikiko dute gure fatxadaraino». Bide beretik, Santosek argitu du dena orube bateratu bat izango dela, eta momentuz ez dutela eraikina den perimetro txiki hori ukituko. «Ez dakigu udalaren helburua zein den, ez dugu udalarekin harreman zuzenik izan gai honi buruz eztabaidatzeko», argitu nahi izan du Santosek.
«Lakaxitarekin egoeraren gaineko kezka dugu. Ez dakigu zein etorkizun duen». Irungo gaztetxearen egoera Euskal Herriko gaztetxe askok bizi dutena da, «oso larria». Alderdi politikoen aldetik jasaten duten kriminalizazioa salatu dute, baina hala ere EH Bilduk hasieratik eskaini dien babesa goraipatu nahi izan dute.
Hori horrela, ez dute epe luzerako helbururik zehazten. «Egun batetik bestera egoera asko alda daiteke, eta argia da Euskal Herrian gero eta gaztetxe gutxiago daudela egun», dio Etxabek. Lakaxitaren egungo egoera «ez-aktiboa» dela adierazi du Santosek, baina oraindik ere jarduerak antolatzen jarraitzen dute. «Talde txikia izan arren, jarduera bakoitza antolatzen bizpahiru kide izaten ahalegintzen gara. Hala ere, eskertu nahi dugu behar dugun momentuetan herritarrek eskaintzen diguten babesa. Laguntza eskatzen dugunean, hor izan dira laguntzeko prest».

