Euskadiko gazte mailako xake txapelketa irabazi du Iker Tafallek
Xake jokalari irundarrak "nagusitasunez" irabazi du lehia, Marlaxka Xake Klubak adierazi duenez. Nora Lerak emakumezkoen bigarren postua bereganatu du maila berean.
Euskadiko gazte mailako txapelketa irabazi berri du Iker Tafall Villanueva xake jokalari irundarrak. Gainera, Marlaxka Xake Klubetik adierazi dutenez, nagusitasun handiz bereganatu zuen lehia. “EAEko jokalari onenen aurrean bere nagusitasuna erakutsi zuen Tafallek”, esan dute klubetik. Hainbat partida irabazi behar izan zituen lidergoa eskuratzeko, txapelketa 4. postuan hasi baitzuen.
Txapelketako lehen bost partidak jarraian irabazi zituen. Partida horietatik hiru hasierako rankingean zeuden jokalarien aurka izan ziren, eta beraz, horrela lehen postura igotzea lortu zuen. Marlaxkako jokalariak podiuma Martintxo Xake Klubeko Yaroslav Khoroshykh eta Santurtzi Xake Klubeko Eder Bombín Martínez jokalariekin partekatu zuen. 2022. urtean promesa mailan txapeldun izan zen, eta 2024ean eta 2025ean kadete mailan. “2009an jaioa, euskal xakearen harrobiaren erreferente nagusietako bat da, eta gure Xake Eskolako ikasle nabarmena”, azaldu du Marlaxkak.
Tafallez gain, maila berean emakumezkoen bigarren sailkapena jaso du Nora Lera Cuñadok, Hondarribiko xake klubekoa ere. “Klubetik oso balorazio positiboa egiten da bi jokalarien jardunaz, eguneroko lanaren eta gazte mailako prestakuntzaren fruitu garbia baitira”.

