Asteburuan trafiko aldaketak izango dira Behobian
N-121-A eta AP-8 errepideetan trafiko aldaketak izango dira bihar eta etzi, Laskoain biribilgunea asfaltatzeko lanak direla eta, afekzioak izango dira.
Honako itxura izango du errepide lotura berriak. Trafiko aldaketak izango dira asteburu honetan Behobian. Laskoain biribilguneko asfaltatze-obrak direla eta, trafikoan afekzioak izango dira 08:00etatik 18:00etara. Lanak dirauten bitartean, biribilgunea zatika antolatuko dute eta libre dagoen erraietik bideratuko dute txandakako trafikoa.
Bihar, hilak 18, Iruñea-Irun noranzkoari eragiten dion biribilgune erdia itxiko dute. Horrek eragina izango du Zaisa I eta Zaisa II industrialdeetarako sarreran eta irteeran, sarbidea itxita egongo baita. Industrialdeetara sartzeko ibilgailuek AP-8ko autobidera jo beharko dute Frantziarako noranzkoan. Biriatuko ordainlekua baino lehen noranzkoa aldatu, eta ondoren Donostiarako noranzkotik Irun–Garraio terminalerako irteera hartu. Zaisatik irteteko, ITV estazioaren ondoko bidea erabili beharko da, Antton Txipi biribilgunera iristeko.
Igandean, hilak 19, berriz, biribigunearen beste erdia itxiko dute. Kasu honetan, Irun-Iruñea noranzkoan eragina izango du. Horrek, AP-8ko 0 irteera ixtea ekarriko du, 08:00etatik 18:00etara. Ezingo dute biribilgunetik AP-8ra sartu Frantziarako noranzkoan. Behobiako zubia zeharkatu beharko dute eta Biriatuko ordainlekura jo ibaiaren Hendaiako aldetik.
Alternatiba gisa, AP-8tik datozen eta Iruñerako noranzkoa hartu nahi duten ibilgailuek Hendaia–Biriatu irteeraraino jarraitu beharko dute, eta han egingo dute noranzko-aldaketa. Donostiarako noranzkotik, berriz, Iruñerako irteera erabili ahal izango da. Lanek amaitzean, zirkulazioa normaltasunera itzuliko da.

