"Irtenbide politikoa" eskatu dute Txinzerreko langileek
Aste honetan 100 egun bete dituzte greban Txingudiko Zerbitzuak enpresa publikoko langileek. Euren lan baldintzak hobetzeko negoziazioak etenda daudela salatu dute.
Langileek agerraldia egin zuten asteazkenean Irungo San Juan plazan. Asteartean, hilaren 14an, bete zuten Txingudiko Zerbitzuak (Txinzer) enpresa publikoko langileek 100. eguna greban. Horren harira asteazkenean agerraldia eta elkarretaratzea egin zituzten, ELA sindikatuaren ekimenez, Irungo San Juan plazan. Irungo udaletxearen aurrean. Izan ere, «berehalako irtenbide politikoa» eskatu zuten prentsaurrekoan, «Irungo eta Hondarribiko udalen menpeko enpresa publikoa delako Txinzer».
Greba mugagabean daude beharginak. Gainera, gaiak itxura du luzera joko duela, «negoziazioetan ez da aurrerapenik izan. Gatazka luzatzea udalen borondate faltaren ondorio zuzena da». ELAk oroitarazi du azken urteetan Txinzerreko langileen baldintzek okerrera egin dutela, haien erosahalmenak 20 puntuko galera izan duelako, «eta beste zerbitzu publikoetako langileekin alderatuta, gainera, baldintza okerragoak dituzte». Jada 100 egun bete dituen borrokaldiaren aurretik sei hilabeteko negoziazio prozesuan murgildu ziren gaian ardura duten agenteak, «baina enpresak ez zuen proposamenik aurkeztu, eta horrek grebaren hasiera ekarri zuen». Alta, langileek mobilizazioekin segiko dutela iragarri dute.
Langileek duten greba eskubidearen balizko urratzeak izan direla zehaztu du ELAk. Horri erantzuteko langileek lan ikuskaritzan salaketak aurkeztu dituzte, eta lan arloko epaitegian ere demanda aurkeztu dute. Era berean, Txinzerren zuzendaritzaren estrategia kritikatu dute, «edukirik gabeko bileretan eta etenik gabeko luzapenetan oinarritzen delako».
Datu bidez oinarritu ditu ELAk esandakoak. Adibidez, jakinarazi du udalek egiten dituzten azpikontraten batez besteko soldatak 33.000 eurokoak direla urteko; «Txinzerrekoak 28.000 eurokoak dira, baina gainera, enpresak 26.000ra jaitsi nahi ditu». Lanpostuek berezko dituzten balorazioak edo arrisku egoerak ez direla kontuan hartzen ere azaldu du sindikatuak. Aldiz, Txinzerren zuzendaritzan daudenen soldatak langileenak baino askoz handiagoak direla esan du, «eta hori enpresa publiko batean kudeaketa eredu desorekatuaren adierazgarri da».
Ondorioak
Txinzerreko langileen borrokaldia irundarren eta hondarribiarren egunerokoan ondorioak izaten ari dela jakinarazi du ELA sindikatuak. Hala, Hondarribian hainbat instalazio itxi egin behar izan direla adierazi du, beste hainbat azpiegituratan mantenu lanen falta dagoela, eta 24.000 etxebizitzari dagozkien uraren kontsumoaren fakturetan akatsak daudela. «Egoera honek kostu ekonomikoak, osasun arazoak eta zerbitzuaren narriadura» ekar ditzakeela ohartarazi du sindikatuak. Beraz, erakundeei egoera desblokea dezatela eskatu diete, eta mahairen gainean proposamen bideragarri bat dutela oroitarazi dute.

