Ikastetxeetan osasun mentalaren prebentzio programa bat aktibatuko dute
AGIFESekin batera antolatutako programan hiriko 800 ikaslek parte hartuko dute, osasun mentalaren prebentzioa eta sentsibilizazioa sustatzeko.
Osasun mentalaren gaia ikastetxeetara eramango dute Irunen. Udalak AGIFESekin batera, osasun mentalaren prebentzio programa bat jarriko du martxan hiriko ikastetxeetan. Guztira, 800 ikaslek parte hartuko dute, eta tailerren bitartez, osasun mentalaren prebentzioa eta sentsibilizazioa sustatzeko aukera izango dute. Baita ondoez emozionalaren sintomak goiz identifikatzeko tailerrak egingo dituzte. DBHko 3. mailako talde guztiei eskaini zaie programa, baita Batxilergoko, Oinarrizko Lanbide Heziketako eta Erdi Mailako Lanbide Heziketako 1. mailako talde batzuei ere.
AGIFES osasun mentala hobetzeko eta Gipuzkoan osasun mentalaren esparruan erreferentziazko entitatea da. Martxan jarriko duten programa proba pilotua izango da, eta honen bidez, osasun mentala bera sustatzeko eta familiek, irakasleek eta mailakideek adingabeen ongizatean eginkizun aktiboa betetzea bultzatzeko aukera izango dute. Programa bi saiotan banatuko dute. Lehenengo saioan, ikus-entzunezko materiala eta hainbat dinamika antolatuko dituzte. Edukiei dagokienez, lehenengo saioan osasun mentalaren kontzeptua eta nerabezaroan sor daitezkeen arazoak landuko dituzte. Bigarren saioa lehenengoaren jarraipena izango da. Bertan, kezka iturriak landuko dituzte, eta laguntza eskaintzeko baliabideak eskainiko dituzte.
Ikastetxeen eskaerari erantzun bat emateko sortu dute programa. Cristina Laborda alkateak gazteen osasun mentalaren esparruko prebentzioak duen garrantzia nabarmendu du.”Bereziki, DBHko etapan jarri dugu arreta”. Era berean, “programa honek beren garapen pertsonalerako eta autozaintzarako tresnak eman diezazkiekegu, baita beste zaintzeko tresnak ere”, aipatu du Sandra Caballero Hezkuntza ordezkariak.
Hauek izango dira parte hartuko duten ikastetxeak eta lanbide heziketa zentroak: Eguzkitza, Txingudi, Toki Alai, La Salle, El Pilar, San Vicente de Paul, Bidasoa, Plaiaundi eta Mendibil. Gehienez 40 tailer egingo dituzte, ikasturteko hirugarren hiruhilekoan.

