Zestafesta, hirugarrenez, diseinuaren erreferente
Hirugarren urtez egingo dute Zestafesta jaialdia asteburu honetan. Diseinu grafikoa ardatz du jaialdiak, baina aurten beste hainbat gauza programatu dituzte.
Hirugarren aldiz egingo dute. Zestafesta hurbil dago, oso hurbil. Larunbatean izango da jaialdia, diseinu munduko profesionalei, eta noski, hurbildu nahi duen orori zuzenduta. Julia Lasak, Patri Tabernak eta Ane Garmendiak sustatutako jaialdiak tailerrak, hitzaldiak, erkausketak eta kontzerturen bat izango ditu, Hondarribiko espazio ezberdinetan banatuak. Itsas Etxean, Arma Plazan, Maddalen Arte Gunean… era askotan disfrutatu ahalko da eguna.
Diseinu grafikoko profesionalentzako erreferentziazko egun bat dute xede, eta Tabernak azaldu du horrelako topaketak oso garrantzitsuak direla egungo gizarte digitalean. “Orain online lantzen dugu dena, eta elkargune bat edukitzea oso garrantzitsua da edozein ogibidetan”. Ortzi Alonso Kultur zinegotziak hiru kontzeptu lotzen ditu Zestafestarekin: emakumezko ekintzailetza, gaztetasuna eta abanguardia. “Hondarribian dugun kultur eskaintza zabalaren adibide da jaialdi hau. Duela gutxi argazkigintzarekin lotutako jardunaldiak izan ditugu. Hainbat adar jorratzen gabiltza”.
Itsas Etxean hiru hitzaldi eskainiko dira. “Alde batetik, Teta y Teta irabazi asmorik gabeko elkartea da, emakumeen inguruko begirada sormenez kolpatuz eraldatzeko helburuarekin. 16:30ean irekiko dute hitzaldien erronda”, azaldu du Garmendiak. Ondoren, Relaja el Cocok hartuko du lekukoa. “Diseinu sortzaileko estudio polifazetikoa da, non branding, infografia edo editorial-proiektu bakoitzak bere berezitasuna duen”. Azkenik, Fuego Camina Conmigo. “Markak eta pertsonak konektatzeko modu berriak bilatzen lan egiten duen agentzia sortzailea; paradigma berria gidatu nahi duten bezeroekin proiektu sortzaile eta komunikaziokoak garatzen dituzte”.
Bisita gidatuak
Horrez gain, Itsas Etxean erakusketa bat jarri dute, atzeko aldean. ADG Laus diseinu sariaren harira egin dute erakusketa. “2025ean saritu ziren proiektuak jasotzen ditu erakusketak, eta EAEn lehen aldiz izango da. Hemengo izenak ere bertan ikusi ahal izango dira, hala nola Pensando en blanco Hondarribiko arkitektura estudioa, Cuchillo estudio bizkaitarra eta Mugaritzen lan egin duen Canon agentzia madrildarra”, azaldu du Lasak. Erakusketa martxoaren 12 tik 25era egongo da bertan, asteazkenetik igandera, 17:00etatik 20:00ak arte.
ADG Laus diseinu sarien erakusketa hobe ezagutzeko, asteburuan bisita gidatuak egingo dituzte, ADGko zuzendari Jen Martinezen eskutik. Ostiralean, 18:30ean egingo dute, eta larunbatean 12:45ean. Larunbateko eguna bukatzeko, Ttopara kafetegian DJ Sant Clauk arratsaldea girotuko du, jaialdia jai giroan amaitzeko. Antolatzaileek adierazi dutenez, ia sarrera guztiak saldu dituzte, eta horrek gauza bakarra esan nahi du: Zestafesta arrakastatsua izan da. Halere, falta diren sarrerak hartzera gonbidatu dute jendea.
Edozein informaziorako, egin klik hemen.

