Lehenengo lekukoa hartu dute haur eta gazteek
Korrika txikia eta Korrika gaztea egin dituzte gaur Hondarribiko hiru ikastetxeetako ikasleek. Eguraldi onak lagunduta, festa giroan amaitu dute goiza.
Korrika bihar hasiko da, baina Hondarribiko ikasleek jada astindu egin dute lekukoa. Korrika txiki eta Korrika gazte izan da gaur herrian. 10:00etan eman diote hasiera HH eta LH mailetako ikasleek. Herriko hiru ikastetxeak bildu dira, Egiluzekoak zuriz, Talaiakoak urdinez eta Ama Guadalupekoak berdez.
Gogo askoz hartu dute lekukoa lehenengoek Arma Plazan. “Ea ez naizen Kale Nagusitik erortzen!”, esan du haur batek hasi baino lehen. AEKko furgonetak ireki die bidea, ZETAKek egindako aurtengo Korrikako kantarekin batera. Pixkanaka, Alamedara jaitsi dira, eta ondoren, Sabino Arana kaletik Portua auzoraino iritsi dira. Irribarrez jaso dituzte Ama Guadalupekoa ikastetxe parean HHko haurrak, eta denak batera amaitu dute ibilbidea.
Gazteek ere bide berbera egin dute. DBH eta Batxilergoko ikasleek eraman dute lekukoa, berriro ere, hiru ikastetxeetakoek.
“Honddarbi euskaldun bat nahi dugu. Eta horretarako, itxeki egin behar dugu”, adierazi dute ikasleek oholtza gainean. Bertsoak egin dituzte, eta euskararen alde egin dute. Elkartasun eta borroka mezuak argiak izan dira, gero plazan zehar gaztelerazko hainbat elkarrizketa entzun arren. Errealitatea hurrengoa da, euskararen kale erabilera behera doala Hondarribian. Korrika bezalako ekitaldiek zerbait pizten dute jendearengan, eta horri eutsi beharko diete belaunaldi berriek, euskararen aldeko borrokan jarraitzeko.
Santa Maria Madalena plazan Korrika txikikaro DJ Kaktusek jarri du giroa. Denak batera abestu eta kantatu dute. Gazteen Korrikan DJ Bull izan da, pil pilean dauden euskal kantak lau haizeetara zabaltzen. Festa eguna izan da.
Korrikarako prestatu dira haur eta gazteak. Hurrengo asteartean pasako da Korrika Hondarribitik, goizeko ordu txikietan, 05:00ak aldera. Batzuk jada kilometro batzuk eramango dituzte hanketan ordurako.

