Irungo kirola, lan handiaren aitorpena
2026ko Klub Onenaren saria Sugetrebeak boleibol taldearentzat izan da, eta Oier Diaz eta Esther Aristieta Kirolari Onenen saria lortu dute.
Urtero legez, Irungo kirolarien ibilbidea omentzeko eta egindako lana aitortzeko Kirol Gala antolatu zuten astelehenean, hilak 16, Ficoban. Bertan, 300 lagun bildu ziren: kirolariak, klubetako ordezkariak, kirol-elkarteak eta publiko gonbidatua. Beste behin ere, kirolak hirian duen garrantzia, banakako lorpenak eta talde-lana ospatu dituzte, eta Irungo kirolean inplikatutako guztien iraunkortasuna, dedikazioa eta grina nabarmendu dute.
Irunen boleibola sustatzen duen Sugetrebeak Boleibol taldea 2026ko Klub Onenaren saria eta Irundarron Saria eskuratu zituen. Oier Diaz, Munduko Junior Slalom txapelduna, Gizonezko Kirolari Onenaren saria eskuratu zuen, eta emakumezkoetan, berriz, Kirolaririk Onenaren saria Esther Aristieta irabazi zuen. Aristietak Norvegiako Artikoan egindako kirol ibilbidea aintzatetsi zuten; bertan, glaziarren eta izotz gaineko trekkingaren arteko kayakezko espedizioak egin ditu 68 urterekin.
Bestalde, urtero banatzen duten Txokolatezko Baloiaren saria Marisol Martinezentzat izan zen. Martinezen kirol ibilbidea oparoa izan da, eta besteak beste, 30 Behobia-Donostia egin ditu eta bitan irabazi du Sellako Jaitsiera. Sariez gain, beste hainbat kirolarien ibilbideak aintzatetsi zituzten, hala nola, Eki Fanlo, nazioko eta nazioarteko goi mailako errugbi epailea; Ana Carcamo eta Jose Gomez de Arriba, BAT-eko kideak; Sergio Francisco, Realaren entrenatzaile ohia; eta Javi Gonzalez, hiriko kirolari gazteen garapenean egindako lanagatik.
Cristina Laborda alkateak Irungo kirolariek hiriaren DNAren ordezkariak direla nabarmendu zuen ekitaldian: “Irun historian zehar une latzei aurre egiten eta aurrera ateratzen jakin duen hiria da, lanari eta hobetzeko gaitasunari esker, eta balio horiek ere oso presente daude kirolean”. Bide beretik, Borja Olazabal Kirol Ordezkariak Irunek hainbat diziplinatako kirolariak biltzeko gai dela gehitu zuen, eta hori “oso pozgarria” da. “Irungo kirolak, emaitza handiei ez ezik, bere osotasunean ere erreparatu behar die: parte-hartzeari, diziplinen aniztasunari eta mota guztietako modalitateak dituen kirol- aniztasunari. Horrek egiten du handi Irungo kirola”, azaldu zuen.

