Irun 2040 Plan Estrategikoa martxan
Datozen hamarkadetako hiriaren ikuspegia eta lehentasunak zehaztuko ditu, eta bost fase nagusitan egituratuko da.
Irun 2040 Plan Estrategikoa martxan dago. Udalak Bozeramaileen Batzordea egin zuen astelehenean, hilak 16, eta plan estrategikoberria onartu zuten. Honen bidez, datozen hamarkadetarako hiriaren ikuspegia eta lehentasunak zehaztuko dituzte, etorkizuneko erronka nagusiei aurre egiteko eta hiriaren bilakaera gidatuko duen ildo estrategikoak zehazteko. Bileran zehar, prozesuaren ikuspegia eta planerako ezartzen diren epeak azaldu dituzte.
Plan estrategikoak bost fase nagusi izango ditu. Lehenengo fasean prestaketa-lanak egingo dituzte, proiektuaren ikuspegia definitzeko. Bigarren fasean hiriaren errealitatearen egoera zein den aztertuko dute, eta hirugarren eta laugarren faseetan diagnostiko eta posizionamendu estrategikoa egingo dute. Bosgarren eta azken fasea 2027an amaituko dute, eta Hiri Plan Estrategikoa egingo dute. Plana Irun 2040. urtera arte garatzeko ibilbide-orria izango da.
Plan honen garapena Tech Friendly enpresari esleitu diote, eta 83.457,33 euroko aurrekontua izango du. Funtsezko gaiak landuko dituzte, esaterako, mugikortasun iraunkorra, hiri-eraldaketa, gizarte-kohesioa, berrikuntza ekonomikoa, etxebizitza eta trantsizio energetikoa.

