Gizarte Zerbitzuetako arduradun lanpostua betetzeko izen ematea zabaldu du udalak
Lehiaketan orokorreko sistemaren bidez egingo dute aukeraketa.
Gizarte Zerbitzuen arduradunaren lanpostua betetzeko deialdia zabaldu du Hondarribiko Udala. Lehiaketa orokorreko sistemaren bidez egingo da aukeraketa. “Hautaketa-prozesua Hondarribiko Udalaren karrerako funtzionario diren eta Administrazio Bereziko eskalako, teknikari azpieskalako, erdi mailako klaseko eta A2 azpitaldeko plaza bati behin betiko atxikita dauden funtzionarioei zuzenduta dago”, iragarri du udalak. Izena emateko epea apirilaren 8ra luzatu dute.
“Gizarte Zerbitzuak funtsezko zutabea dira gure herrian. Arduradun lanpostua egonkortzeak zerbitzuaren antolaketa indartzea eta herritarrei eskaintzen zaien arreta hobetzea ahalbidetuko du”, azaldu du Igor Enparan alkateak.
Gainera, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean Hondarribiko Udalean karrerako funtzionario izateko hautaketa prozesuak arautuko dituzten oinarri orokorrak argitaratu dira. “Oinarri horiek hemendik aurrera egingo diren hautaketa-prozesu guztiei aplikatuko zaizkie, eta udaleko lanpostu publikoak betetzeko arau orokorrak ezartzen dituzte, besteak beste baldintzak, sarbide-moduak eta eskaerak aurkezteko modua zehaztuz”.
Deialdiaz informazio guztia jasotzeko, udalak esteka bat ahalbidetu du.

