Elkarrekin Irunek ere Bidasoa ESIko osasunaren egoera salatu du
Sumarrek Eusko Legbiltzarrean aurkeztutako mozioari babesa adierazi dio, eta mozioak egoera hobetzeko ezinbesteko eta premiazko neurriak proposatu ditu.
Joan den otsailean, Sumar talde mistoak Bidasoa ESIko egoera salatzeko Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako mozioari babesa adierazi dio Elkarrekin Irunek. Koalizioaren ustez, mozioak modu argi eta zorrotzean jasotzen ditu eskualdeko osasun-arretak pairatzen dituen gabezia nagusiak. Neurri zehatzak proposatu dituzte, Elkarrekin Irunek uste du neurri horiek “ezinbestekoak eta premiazkoak” direla Bidasoa Ospitaleko pediatriko larrialdiak berreskuratzeko.
Duela urtebete, 12.000 pertsona baino gehiago bildu ziren Irunen Bidasoa ESIren egoera salatzeko, eta urtebete pasata, neurrien zain daudela salatu du Elkarrekin Irunek. “Onartezina da Bidasoako familiek pediatriako larrialdiak bezalako funtsezko zerbitzurik ez izatea. Ezin da lehen eta bigarren mailako herritarrik egon bizilekuaren arabera”, azpimarratu du David Nuño ordezkariak.
Beste alde batetik, haur eta gazteen osasun mentalaren eta minaren unitatearen indartzea nahi dute, gaur egun “bereziki tentsionatuta” dagoen arloa baita. “Ikusten ari gara osasun mentaleko baliabide faltak, bereziki gazteen artean, ondorio oso larriak dituela. Ezin dugu beste alde batera begiratzen jarraitu”, gaineratu du.
Alderdiak argi dio proposamen hauek ez direla berriak, herritarrek denbora daramate eskualdeko osasun publikoa hobetzeko neurriak aldarrikatzen. Hori dela eta, udalari dei egin diete “modu erabakigarriagoan” inplikatzeko. “Udalak pasibotasuna alde batera utzi eta herritarren alde kokatu behar du bere burua. Azken egunotan Irungo Sozialisten eta EAJ-PNVren artean piztu den eztabaida dialektikoa ez da serioa, eskualdeak halako arazo larriak dituenean, eta Udalak erantzuna eman behar die”, gehitu du Nuñok.
Azkenik, argi adierazi nahi izan dute eztabaida Eusko Legebiltzarrera heltzeko herri plataformen, elkarteen eta osasun profesionalen etengabeko lanari esker izan dela. Alderdiak berretsi egin du lanean jarraituko duela mozioan jasotako neurriak herritarrentzat benetako hobekuntzak bihur daitezen.

