EH Bilduk etxebizitza udal politiken erdigunean jartzea eskatu dio udalari
San Migel-Anakako etxebizitzak eraikitzeaz harago, politika eraldatzaileak bultzatzeko bestelako neurriak ere ezinbestekoak direla diote.
Etxebizitza publikoaren aferak ez du etenik. Irungo EH Bilduk etxebizitza udal politiken erdigunean jartzea eskatu dio EAJk eta PSE-EEk osatutako udalari. San Migel-Anakako eremuan eraikiko dituzten etxebizitzek herritarrekiko zor historiko bati erantzuten diote; hala ere, EH Bilduk etxebizitzak eraikitzeaz harago doazen politika eraldatzaileak bultzatu behar dituztela defendatu du. Egunotan, 887 etxebizitza publiko eraikitzen hasiko dira, baina horrek ez du aurre egiten egungo eskaintzari. Egun, 3.000 eskatzaile baina gehiago daude, eta egunetik egunera zerrenda hori handitu egiten dela diote.
“Etxebizitza Irungo udal gobernuaren lehentasuna behar du izan, eta horretarako ezinbestekoa da politika publikoak martxan jarri eta dagoeneko eskura dituen baliabide guztiak erabiltzea, familien, gazteen, adinekoen edota kolektibo zaurgarrienen beharrei premiaz erantzun ahal izateko”, adierazi du EH Bilduk. Horretarako alderdiak hainbat neurri proposatu ditu, hala nola, alokairu publikoa lehenetsi, etxebizitza hutsak identifikatu eta mobilizatu, etxebizitza turistikoak eta jarduera ekonomikoetara bideratutakoak arautu, alokairuaren prezioak mugatu eta eredu kooperatiboak bultzatu.
“Gure hiritarrek etxebizitza eskuratzeko benetako berme eta aukerak izan ditzaten, EAJri eta PSE-EEri ospakizunetatik harago, politika publikoak bultza ditzatela eskatzen diegu”.

