Auzoetan ere, kulturaren alde
Gaur aurkeztu dute 2026ko Auzoetako Kultur Jardueren programazioa, eta urte osoan zehar kultur eskaintza anitza eta kalitatezkoa izango da auzoetan.
Kultura ere Irungo auzoetara zabaltzeko erronka egingo dute aurten ere. Gaur aurkeztu dute Auzoetako Kultur Jardueren programaren aurtengo edizioa. Proposamena aurrekontu parte-hartzaileetatik sortu da, udalak eta auzo elkarteek urte osoan zehar hamabost auzotara zabalduko dute kultur eskaintza. Aurtengo edizioak orain arteko aurrekonturik handiena izango du, zehazki, 89.000 eurokoa.
“Irunen kultura pertsona guztien eskura egon behar duen zerbait bezala ulertzen dugu”, adierazi du Nuria Alzaga alkateordeak. Gainera, kultur egitaraua auzo elkarteekin egindako lankidetzaren eredua dela azpimarratu du. “Ez ditugu soilik jarduerak programatzen, bizitza, topaketa eta komunitatea sortzen ari gara”.
Lehenengo hitzordua asteburu honetan izango da Arbesen. Arbesko Errota eta Arbesko Poligonoa auzo elkarteek martxoaren 20tik 22ra, magiak, txarangek, fanfarreek eta mutxikoek auzoa girotuko dute. Ostiral arratsaldean, hilak 20, 18:30ean Hector Sansegundo magoak saioa egingo du Nagore Laffage parkean, eta saioa bukatzean, Txintxarri txarangak auzoa girotuko du, 21:00ak bitarte. Larunbatean, goizean Peña Poteo txarangaren txanda izango da (12:00-14:00). Arratsaldean, berriz, Los Pasai txaranga eta Artistas del Gremio fanfarrea izango dira auzoan zehar. Igandean, berriz, Jeiki Hadi mutxikoen txanda izango da Nagore Laffage parkean, 12:00etatik 14:00etara.
Egitaraua abendura arte luzatuko da kultura biziagoa, hurbilagoa eta kohesionatuagoa izateko asmoz. Arbeseko auzo elkarteekin batera, Anakako, Anzarango, Artiako, Behobiako, Belaskoeneako, Dunboako, Erdialdeko, Pinudiko, Elitxuko, Meakako, Alde Zaharreko, Uztarri Oneko eta Santiagoko auzo elkarteek ere kultur jarduerak antolatuko dituzte.

