«Euskara lehen lerroan jartzeko beharra dugu»
24. Korrikako Bidasoako ardura hartu du Sanzek aurten. Lan asko du antolaketa prozesuak, baina Korrika egunak asko disfrutatuko dituela argi du.
Korrikak badu bere leku garrantzitsua Bidasoko herrietan. AEKk antolatutako egitasmoaren inguruan hainbat ekitaldi eta proiektu aurkeztu dira, Irungo eta Hondarribiko eragileekin elkarlanean. Ez dute lan xamurra AEKko kideek, egitasmo erraldoia baita Korrika. Baina gogotsu hartzen dute bi urtean behin tokatzen zaien lana. Maddi Sanz da aurtengo Bidasoako AEKko Korrikako arduraduna, eta berak argi dauka Korrikak zerbait berezia pizten duela jendearengan.
Duela bi urte Korrikari hasiera emateko ardura izan zenuten. Nolakoa izan zen bizipen hura?
Denetarik bizi izan genuen, baina azkenean balorazio oso positiboa egin genuen. Lehen egun hori oso berezia izan zen, eta espero baino arrakastatsuagoa. Arratsaldeko 18:00etan txozna betetzeko gauza gehiago erostera joan behar izan ginen, beraz, jendeak gogotsu hartu zuen bai. Nik urte hartan ez nuen gaur egun dudan ardura, soilik lehen eguneko arduraduna nintzen, beraz beste modu batera bizi izan nuen. Ilunak eta akatsak egon ziren, noski, baina apustuen eguna zen, lehen aldia baitzen horrelako zerbait egiten genuela, baina baita ere azkena. AEKtik jakin genuen situazioa aurrera eramaten, eta gainera herriaren laguntza handia izan genuen. Zoragarria izan zen.
Bi urte ondoren, Bidasoko Korrikako ardura jaso duzu.
Lan berria izanik, gauza berriak bizitzen ari naiz. Oraingoan badakigu Euskal Herri osoa ez dela Irunera etorriko duela bi urte moduan, eta beraz, bai, lasaiago gaude, baina badaude beste betebehar batzuk. Lekuko hartzeen antolaketak denbora asko eskatzen du, adibidez. Uste dut orain herriari lotuagoa nagoela, azken finean herri eragileekin nagoelako kontaktuan, Korrika bera prestatzen. Eskualdea ezagutzeko aukera bikaina izan dut aurten.
Herriarekin hurbiltasun hori lortzea bada zuen helburuetako bat?
Ahalik eta Korrika anitzena behar dugu, eta hori Irunen oso ongi irudikatzen dugu, hiria bera oso anitza da eta. Aurten, adibidez, auzo elkarte guztiak batuko dira Korrika Egunera eta hor badago aniztasun oso handia. Euskara denok batzen gaituen aterpe bat izan da.
Duela bi urte Irungo euskaldun sareaz mintzatzen zineten, esanez bizirik eta indartsu zegoela. Sare hori berdin mantentzen dela uste duzue?
Nik uste sare hori etengabe ehuntzen dugula. Korrika edo Euskaraldia bezalako egitasmoekin, eta noski beste hainbatekin lantzen dugun zerbait da. Batzuetan kosta egiten zaigu sortu dugunean sinistea, eta batzuetan ere kosta egiten zaigu aurrera egitea. Herriek badute potentzial handia, eta hori aurten ederki ikusi dut irundarrekin eta hondarribiarrekin, baina ahotsa eta espazioa ez badiegu ematen, ez dugu aurrera pausorik emango. Sare hau behin sortua gero berraktibatzea erraza da. Korrikatik kanpo sare hori mantentzea eta jendea euskararen inguruan elkartzea bada ere gure ardura.
Askok diote Irun ez dela hiri euskalduna. Izan daiteke aurreiritziz josita gaudela?
Aurreiritzi asko daude Irunekiko. Irunek badu mamu moduko bat, eta guk elikatzen dugu mamu hori. Baina egia da datuak ere bertan daudela. Ezagutzak gora egiten du, baina erabilerak behera, eta gehien bat kale erabilerak. Heldu beharrezko zerbait da hori, eta argi eduki behar dugu euskara hizkuntza bizia dela, eta egunerokoan gure alboan izan behar dugula. Gure erakusleihoan dugun zerbait bada euskara, baina gero errealitatera eramateko arazoak ditugu. Parrandan edo poteoan euskara erabiltzea kostatzen zaigu, eta aisi alor horretatik abiatu behar garela.
Aurten Hondarribira gehiago hurbildu zara. Zer aurkitu duzu bertan?
Oso gogotsu egon den batzorde bat aurkitu dut. Ez da batzorde iraunkorra izan, eta jende asko hurbildu da, baina denek grin handia erakutsi dute. Eragile asko hurbildu dira Korrika eguna antolatzera, eta azkenean, ez zaigu ezta beste ekitaldi bat sartzeko denbora sobratu. Badirudi asteburu osoko programazioa dela, baina egun batekoa da. Harritu egin nau Hondarribik egia esan.
Gauez pasako da Korrika Irundik eta Hondarribitik. Horrek jendearen gogoa apaltzen du?
Ba zehazki ez dakit. Aurten inoiz baino lekuko hartze gehiago aurreikusi ditugu, duela bi urteko edizio berezia kenduta noski. Iazko ekainean, prestatzen hasi ginenean, 49 lekukoko zifra ezarri genuen, eta oraingoz, epea ez dugula itxi, jada 52 ditugu, inoiz baino gehiago. Gauez izate horrek agian hasieran kosta egiten du, baina esnatzen zarenean eta etxetik irteten zarenean, jada ez dizu axola. Korrikak zerbait berezia eragiten digu, eta nik uste berdin zaigula ze ordutan.
Zer pizten du Korrikak jendearengan?
Ez dakit, eta jakin nahiko nuke [barrez]. Korrika da zerbait erraietatik sartzen dena. Jendeari bere barrenak astintzen dizkio eta emozio asko ikusten dira bertan. Korrikarekin edota kantarekin jendeak zerbait berezia sentitzen du, eta hori zoragarria da. Herri oso bat martxan jartzen du, helburu argi batekin, euskararen alde egitea. Badira gure eskualdetik hasi eta Beraraino edo Gaintxurizketaraino iristen direnak, emozioak bultzatuta korrika egiten dutenak. Berezia eta zoragarria da Korrika.
Aurten hartutako lan guztiaren ondoren, Korrika gogoz hartuko duzu? Ala ez duzu ezta ikusi egin nahi?
Niri pertsonalki antolatzen dudana disfrutatzea asko gustatzen zait. Duela bi urte adibidez oso nekatua nintzen, baina Korrikaren ateratze hori asko disfrutatu nuen. Egunean bertan ere furgonetan lan handia izango dugu, baina bizitzeko momentua da, eta ondo pasatzekoa noski.
Jendea kontzientea da Korrikaren atzean dagoen lan guztiaz?
Nik uste hein batean baietz. Jendea konturatzen da Euskal Herrian dagoen egitasmo handiena dela. Lurralde guztia puntaz punta jorratzen du, hiru administrazio zeharkatzen ditu… gauza asko dira. Korrika ez da geratzen inoiz. Aurtengoa bukatzean oporrak hartuko ditugu, eta apirilean itzultzean 25. Korrika prestatzen hasiko gara. Ez dut uste beharrezkoa denik jendeak dena jakitea, azken finean hau gure lana da eta, beste batek berea duen moduan.
Euskara aldarrikatzeko beharra oraindik presente dago?
Bai. Euskara lehen lerroan jartzeko behar handia dugu. Gaur egun euskara ez dago denontzat eskura. Eskuragarria eta doakoa izan beharko luke. Oldarraldiarekin ikusi dugu nola berriro ere epaitegietan jarri den euskara. Borroka horretan jarraitzen dugu.

