Biok Txingudik partida berezia izango du Hendaian
Emakume Errugbilarien Egunaren baitan, Biok Txingudik Uni Bilboren aurka jokatuko du larunbatean, Zaisa Txingudik, berriz, Iruñaren aurka jokatuko du, Plaiaundin.
Denboraldia bukatu bitarteko jardunaldi guztiak garrantzitsuak izango dira Txingudi Errugbi Taldearentzat. Biok Txingudik partida garrantzitsua bezain berezia jokatuko du bihar, hilak 14, Hendaiako Ondarraitz estadioan. Emakume Errugbilarien Eguna antolatuko dute goizean zehar, eta 15:30etik aurrera Biok Txingudiren eta Uni Bilboren arteko lehia ikusteko aukera izango dute kirolari gazteenek. Bilbotarrek zailtasunak jarriko dizkiete Txingudiko emakumeei, igoera postuak lehian bete-betean baitaude.
Zaisa Txingudik ere etxean jokatuko du, Plaiaundin. Bihar igoera faseko sailkapenean aurkarietako baten bisita izango du. Iruñako taldearen bisita jasoko du, eta igoera postuetara sailkatzeko lehia ia ezinezkoa den arren, garaipenaren bila aterako dira, 16:00etatik aurrera.
Harrobiak ere partida zailak izango ditu. Txingudi/Baztan/Orereta 16 urtez azpiko taldeak Mungian (Bizkaia) jokatuko du. Uribealdea ligako bigarren sailkatuak dira eta lan handia egin beharko dute haiek garaitzeko. Partida 12:30ean izango da bihar, eta Euskadiko txapelketako kanporaketara sailkatzeko. aukera izaten jarraitu nahi dute.
14 urtez azpiko taldeak Bera Beraren aurkako partida izango du igandean, Donostian. 11:00etan hasiko da norgehiagoka, eta garaipena lortuz gero, Hernaniren aurka jokatu beharko luke finalerdietan. Partida irabaztea lortu ezingo balute, Riojaren edo La Unicaren aurkako partida izango lukete.

