"Beharrezkoa eta urgentziazkoa da emakume langileon zapalkuntza amaitzeko alternatiba iraultzailea eraikitzea"
Bidasoko Itaiak elkarretaratzea egin du Irungo San Juan plazan, eta faxismoari eta matxismoari aurre egitea urgentziazkoa dela oihukatu dute.
Bidasoko Itaiak Martxoak 8 aldarrikatzeko elkarretaratzea egin du Irungo San Juan plazan, bertan dozenaka lagun bildu dira, eta “gaur egun emakume langileon egoera kaxkartzen ari dela” esan dute. “Emakume langileok askatzeko sozialismoa eraiki” lelopean, emakume langileek egun duten egoera salatu dute. Kapitalismoak emakume guztien berdintasuna ez duela bermatzen aldarrikatu dute, “berdintasunaren diskurtsoak oligarkiaren, enpresarien eta instituzioen interes ekonomikoak eta elektoralak bermatzeko aldarri hutsal bilakatu dela adierazi dute. Horregatik, Martxoak 8aren eguna “zapalkuntzaren arduradunak seinalatzeko eguna” dela ozen oihukatu dute.
“Kapitalismoa krisi betean dago eta, inperialismo basatiaren eskutik, mendebaldeko oligarkia langileriaren lan eta bizi baldintzak etengabe okertzen ari dira”. Hori dela eta, Itaiak argi adierazi du emakumeek bizi duten pobrezia, zaintza zerbitzuen murrizketak eta pribatizazioak, eta horrek eragiten duen ardura gehigarria.
Faxismoak egun duen gorakada ere salatu dute, jarrera matxistak etengabeko hazkundea izan dute “eguneroko ogia bihurtu dira emakume askorentzat”. “Emakumeon eskubideen atzerakada proposatu dute, matxismoa ukatzen duten gezurren bitartez”. Ezker instituzionalak hartu duen norabidea ere gogoan izan du Itaiak: “Faxismoari aurre egiteko plataformatzat aurkeztu du bere burua, baina ezer gutxi egin dute emakume langileon eskubideen alde”. Testuinguru horretan, faxismoak gora egin du, eta horregatik “beharrezkoa eta urgentziazkoa da emakume langileon zapalkuntza amaitzeko alternatiba iraultzailea eraikitzea”.
Bihartik aurrera ere, lanean eta antolakuntza iraultzailea indartzen jarraitzeko konpromisoa hartu dute Itaiako kideek. “Faxismoari eta matxismoari aurre egitea berehalakoa eta urgentziazkoa da”.

