Trafikoaren zarata murrizten duten zuhaitzak
Artiako Lagunak bizilagun taldea kezkatuta dago Juan Thalamas kaleko ezkien mozketa dela eta. Ezkiak auzotarrentzat estrategikoak dira, itzala emateaz gain, Gi-636 errepideko trafikoaren zarata murrizteko pantailak baitira.
Azken egunotan udalak moztutako ezkia.Artiako Lagunak Artiako Lagunak bizilagun taldeak Juan Thalamas eta Dario Regoyos kaleetako ezki mozketa salatu du. Azken egunotan bost ezki moztu ditu udalak, eguraldi eskasagatik eta haizeteengatik zuhaitz horiek arriskutsu zirenaren aitzakiapean. Auzotarrek argi dute udalaren kudeaketa ez dela egokia izan, eta haren helburu bakarra “ezkiak hortik kentzea” izan dela. Zuhaitz mozketaren auzia aspalditik datorren kontua da, baina azken urteotan auzotarrek horren gaineko informazio eza izan dutela salatu dute. 2020an hasi ziren gaiak zuen larritasunaz jabetzen, eta azken hilabeteotan berriro ere mahai gainean jarri dute.
Zuhaitz horien garrantziaz galdetuta, oso argi dute auzoarentzat “oso estrategikoak” direla. Ezkiek auzoaren berdegunea osatzen dute, eta herritarrak eguzkiaz babesteaz gain, Gi-636 errepideko zarata murrizten laguntzen dute. “Ale batzuk kentzeak oreka hausten du eta gainerako zuhaitzak arriskuan jartzen ditu”, azaldu du Artiako Lagunak taldeak. Gi-636 errepideak trafiko ugari du egunero-egunero, eta horren zarata “izugarrizkoa” da. “Trafikoaren zarata murrizteko ditugun pantailak zuhaitzak dira”. Horiek gabe, bizilagunek arazoak edukiko dituzte ibilgailuek sortzen duten zaratarekin eta kutsadurarekin.
Trafikoaren zarata murrizteaz gainera, zuhaitz orok bezala itzala ematen dute ezkiek. Egun, egoera onean daude zuhaitzak, “urte dezente dituzte, eta batzuk oso handiak dira, baina ez daude mozteko egoeran horietako asko”. Bizilagunek zuhaitzen arriskuaren larritasuna kontuan dute, baina haien eskaera oso argia da: zuhaitz bat moztean beste zuhaitz bat jartzea. “Tamainaren aldetik badakigu zaila dela zuhaitz potolo bat beste zuhaitz potolo batengatik ordezkatzea. Txikia bada ere, zuhaitz bat da, behar ditugu”, gaineratu dute auzotarrek.
Auzoaren berdegune estrategikoa
Mozketak neguan egin dituzte, baina argi dute udara baino lehen zaila izango dela auzi horri irtenbide bat topatzea ezkiak mozten jarrai ez dezaten. “Udan, eguzkiak gogor jotzen duen egunetan ezkien itzala ezinbestekoa da”, azaldu du Artiako Lagunak taldeak. Auzoan ez dute itzalean paseoan ibiltzeko beste biderik. Zuhaitzik gabe bidegorritik paseoan ibiltzea ezinezkoa litzatekeela gehitu dute. Azken batean, auzo batek berdegunea behar du, ez bakarrik itzalerako. “Artiako auzoa zuhaitz horiek gabe ez litzateke auzo bera izango”.
Irun berrurbanizatzen ari den bitartean, Artian 24 zuhaitz moztu ditu udalak. Artiako Lagunak taldeak zuhaitzak mozten dituztenean txosten teknikoak eskatzen dizkio udalari. Udalaren erantzuna baiezkoa bada ere, “txostenak oso anbiguoak” direla dio bizilagun taldeak. Hori gutxi ez, eta udalak txosten horiek ezkutuan dituela salatu dute bizilagunek. “Denbora daramagu horiek argitaratzeko eskatzen, baina udalak askotan mozketaren astean bertan bidaltzen dizkigu txostenak”.
Mozketak, gainera, motozerraz egin dituzte azken hilabeteotan. Horrek kudeaketa ezbaian dagoela iritzi diote bizilagunek. “Zuhaitzak motozerraz moztea ez da kudeaketa”, argi dute. Kudeaketa egokia zer izango litzatekeen galdetuta, honako hau diote: “Esku hartu, mantendu, gainbegiratu eta egonkortu”.
Hori horrela, auzian udalaren partetik “irregulartasun handiak” daudela iritzi diote bizilagunek. “Gure ustez mozketa masibo honek helburu argia du: Gi-636 errepidean hirugarren erreia egitea”, zehaztu dute egoera salatzeko argitaratutako oharrean. Hala balitz, kutsadurak gora egingo luke eta berdeguneak desagertuko lirateke: “Ez ditzagun gehiago suntsitu gure osasuna eta auzoak babesten dituzten zuhaitzak”.

