Osasun mentalaren aldeko manifestazioa egingo dute igandean
Martxoak 8 plazatik hasita, herriko kaleak zeharkatuko dituzte osasun mentalaren kudeaketak dituen gabeziak salatzeko.
Osasun Bidasoak gaur egun Bidasoako ESIak duen kudeaketa salatu du, berriro ere. Hori dela eta, martxoan hainbat manifestazio antolatu ditu plataformak. Lehena igande honetan, martxoak 1, egingo dute Hondarribin. Herritar plataformak manifestaziora deitu du instituzio publikoek osasun mentalaren gaineko “konpromiso falta” salatzeko. Hori gutxi ez, eta aditu espezializatuen laguntza izatea eskatu dute osasun sistemaren eta ikasgelen arteko konexioa hobetzeko.
Plataformak argi du gaur egungo egoerak marra gorriak gainditu dituela. “Ez da kasu bakana izan, instituzioen konpromiso falta dagoela salatzen dugu, gu itotzen gaituena”, salatu dute familiek. Bidasoako ESIan psikologian eta psikiatrian aditurik ez egoteak itxaron zerrendak luzatzen ditu. Itxaron zerrendak luzeagoak dira, eta kontsulten kalitateak behera egin du. “Profesionalak gainezka daude eta pazienteek ez dute arretarik jasotzen”.
Adingabeen diagnostiko formalen falta ere salatu du plataformak. Plataformak dioenez, administrazioak lege-hutsunea eragin du haurren arretarengan. “Diagnostiko argirik gabe, sistemak ez ditu gure haurrak kontuan hartzen”, irmoki adierazi dute familiek. Hortaz, haurrek ez dute eskoletan laguntza jasotzeko aukerarik, haurrak “ez etiketatzea” administrazioaren gelditasunerako “aitzaki bikaina” da.
“Gurasoak gara, ez gara profesionalak. Eskatzen dugu sistemak hutsik ez egitea, eta profesionalek bere lana ahalik eta baldintza onenean egitea”, eskatu dute. Alderdi politikoei ere dei egin diete manifestaziora hurbiltzeko, “ez bakarrik argazkirako”. “Entzunak izatea eskatzen dugu, baina bihar beraien presentzia behar dugu kudeaketan aldaketak izateko”, adierazi dute prentsa oharrean.
Martxoak 8 plazatik hasiko dute manifestazioa 12:00tan, eta herritik buelta eman ostean, Martxoak 8 plazara bueltatuko dira. Hurrengo hitzordua martxoaren 4ean izango da, Irungo Erdiguneko anbulatorioan. Hamar minutuko mobilizazioa egingo dute, 14:00etan.

