'Laguntza-gutunak' edo bakarrik ez sentitzeko gutunak
La Salle ikastetxeko Batxilergoko ikasleek, Itziar Sistiaga idazlearen gidaritzapean, bakardadeari aurre egiteko idazketa-taldea martxan jarri dute.
2020an, pandemia garaian, Itziar Sistiaga idazleak adinekoak edo gizarte harreman gutxiko pertsonak laguntzeko proiektua martxan jarri zuen. Aurten, ordea, proiektuak aurrerapausoa eman du eta La Salle ikastetxeko Batxilergoko ikasleek ikastaro berri bat hasiko dute, alegia, idazketa-talde bat sortuko dute. Honen bitartez, gogoz kontrako bakardadeari aurre egin eta harremanak sortu nahi dituzte. Ikasle bakoitzak gutun bat idatzi eta bere ahots propioarekin grabatu beharko du.
Udaleko Adineko Pertsonentzako Zerbitzuak hamar postontzi jarriko dituzte adinekoentzako udal-gune sozialetan proiektua herritarrengana heltzeko eta gutunak bidaltzeko. Dagoeneko idazleak saioak antolatu ditu ikasleekin, gutunak idatzi aurretik nahi gabeko bakardadeari buruzko gogoetak eta sentsibilizazio-maila aztertu ditu.
Hamar eta hamabost lagun arteko idazketa-taldea sortuko du Itziar Sistiagak jasotako gutunei erantzuteko eta gogoz kontrako bakardadeari aurre egiteko. Proiektua bi noranzkotan eta komunitarioa izan dadin lortu nahi dute. Gutunak eta audioak astero argitaratuko dituzte, udaleko webgunean. Gutunei erantzuteko aukera izango dute laguntzagutunak@irun.org helbidean.
Proiektua aurkezteko eta jendea idazketa-taldeetan parte hartzeko hilaren 26an, ostegunarekin, Cartas a Julieta filma eskainiko dute Palmera Monteron, 17:30ean. Proiekzioaren ondoren, bertaratutakoek aukera izango dute Itziar Sistiaga idazlearekin hitz egiteko.

