Bueltan da Zinema Feministaren Zikloa
Martxoak 8aren baitan, 'Jone, batzuetan', 'La Furia', 'Romeria' eta 'Los Domingos' filmak proiektatuko dituzte datozen egunotan, Amaia KZn.
Zinema Feministaren Zikloa berebiziko indarra hartu du hirian, martxoarn 8ko egitarauaren baitan. 2024an lehen edizioa antolatu zuten, eta ordutik goranzko bidea izan du azken urteotan. Irungo Udalak eta Irungo Emakumeen Etxearen Elkarteak (IEEE) hirugarren edizioa aurkeztu dute. Otsaila eta martxoa bitarte, Jone, batzuetan (otsailaren 27an); La Furia (martxoaren 5ean); Romeria (martxoaren 18an) eta Los Domingos (martxoaren 26an) filmak proiektatuko dituzte. Proiekzioak Amaia KZn izango dira, 18:00etatik aurrera.
Aurtengo berritasuna leku aldaketa izango da. Aurreko bi edizioak Ocine Mendibilen proiektatu dituzte, 230 eserleku ditu aretoak. Aurkezpenean, IEEEko kideek adierazi dute Mendibileko aretoa “txikiegia” dela, eta Amaia KZra saltoa eman nahi izan dutela. “Horrela inor ez da geratuko lau film feminista hauetaz gozatzeko aukerarik gabe”.
Sarrera doakoa izango da, baina udal webgunean edo turismo bulegoan gonbidapenak lortu beharko dituzte interesdunek. Sarrerak soberan geratzen badira, saioa hasi baino ordubete lehenago jasoko dituzte Amaia KZko leihatilan. Lehenengo saiorako sarrerak dagoeneko eskuragarri daude, eta datozen egunotan beste saioatara joateko epea irekiko dute. Hain zuzen, La Furia otsailaren 23tik aurrera, Romeria martxoaren 8tik aurrera eta Los Domingos martxoaren 16tik aurrera.

