Asteburu garrantzitsua Super Amara BAT taldearentzat
Bidasoko Maratoi Erdia eta 10 kilometroko lasterketa egingo dute igandean milaka korrikalarik, eta taldeko beste hainbat atleta Espainiako Jaurtiketa Luzeen Txapelketan izango dira.
Igandea egun handia izango da Super Amara BAT taldearentzat. Bidasoko Maratoi Erdiak eta 10 kilometroko lasterketak atleta ugari bilduko ditu Bidasoko eskualdean, asteburuan zehar. Guztira 2.450 parte hartzailek Irungo eta Hondarribiako kaleak zeharkatuko dituzte. Igandea iritsi bitarte, larunbatean lehenengo aldiz Korrikalariaren Azoka antolatuko dute Zabaltza plazan. Tokiko saltokiek euren stand edukiko dute, eta egun osoko egitarau zabala antolatu dute.
Gaur arratsaldetik aurrera, dortsala jasotzeko aukera izango dute parte hartzaileek, Hondarribia kaleko Gonzalez Kirolak dendan. Larunbatean ere, dortsala hartzeko aukera izango dute parte hartzaileek, azokan bertan. Azoka kirola eta tokiko merkataritza batzeko bide izango da, eta korrikalariek deskontuak izango dituzte hiriko zenbait komertziotan.
Igandeko probak goizean izango dira. 9:50ean 10 kilometroko lasterketaren txanda izango da, eta 10:00etan, berriz, 21 kilometroko lasterketaren txanda. Biak ala biak Kolon pasealekutik irtengo dira, eta Urdanibia plazarainoko ibilbidea egin beharko dute korrikalariek. Ibilbidean aurten ez dute aldaketa nabarmenik egin, aldiz, bukaeran, berritasun gisa, masaje zerbitzua izango dute. Donostiako Masaje Eskolako hainbat boluntariok Uranzuko frontoi txikian izango dira.
Irundik harago ere lehiaketa izango dute Super Amara BATeko atletek. Taldeko zortzi atleta Castellonera joango dira Espainiako Jaurtiketa Luzeen Txapelketan parte hartzea. Onenen artean arituko dira Alejandro Esteban, Unax Eraso, Alain Oca, Noa Esteban, Marta Mancebo, Raquel Villa, Bruno Cagigos eta Arielle Antoinette Ngole. Mailu-jaurtiketan, xabalinan eta disko-jaurtiketan parte hartuko dute hainbat mailatan.
16, 18 eta 20 urtez azpiko Euskadiko Txapelketan ere Super Amara BAT izango da. Klubeko dozenaka atleta gaztek Anoetako Belodromoan parte hartuko dute. Harrobiko talentua erakusteko eta markak hobetzeko aukera izango dute gazteek erdi-fondoan, fondoan, hesietan, jauzietan eta jaurtiketa probetan.

