2026ko 50 egunetatik, 43tan egin du euria
Urtarrilean sei izan ziren euri tantarik gabeko egunak, eta otsailean, oraingoz, bakarra.
2026. urteak gaurko egunarekin (otsailak 19) jada 50 egun egin ditu. Ustea da urte euritsua ari dela izaten, besteak beste hainbat izendun fronte iritsi direlako gurera 50 eguneko epe horretan. Datuek diote uste hori erreala dela. Pasaiako Portuan Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak duen estazio klimatologikoan jasotako datuen arabera, 2026ko 50 egunetatik 43tan egin du gutxienez metro koadroko 0,1 litroko euri prezipitazioa. Hau da, 43 egunetan egin du euria, batzuetan gehiago eta besteetan gutxiago. Oarsoaldean eta Bidasoan Euskalmetek baditu neurketa estazio gehiago, baina HITZAk datuak biltzeko erreferentzia bezala Pasaiako portukoa hartu du.
Estazio horretan euri tantarik jaso ez diren egunak urtarrilaren 1, 4, 5, 11, 16 eta 20, eta otsailaren 12a izan dira. Hau da, urtarrilean sei egunetan ez du euririk egin, eta otsailean, oraingoz, bakarrean.
Urtarrilean, euri gehien egin zuen eguna hil horretako 9a izan zen, 24 ordutan metro koadroko 63,3 litro jaso baitziren. Otsailean, berriz, egun euritsuena 13koa izan zen, metro koadroko 29 litro jaso zituelako Pasaiako estazioak egun osoan.

