Iker Karrera Dantza Konpainiaren ikuskizunak Amaia KZ beteko du
'The room where it happens' dantza garaikideko ikuskizun intimoa aurkeztuko dute larunbat honetan, hilaren 21ean, 20:00tan.
Datorren astebururako plana bilatzen dabiltzanak aukera izango du The Room Where It Happens dantza ikuskizunaz gozatzeko, Amaia KZn. Iker Karrera Dantza Konpainiaren ikuskizunak dantza garaikidean du oinarri, eta koreografiek intimitatea publiko egiten duen lurralde bihurtuko dute agertokia. Barne-mundura bidaia egingo dute dantzariek, non tristurak habia egiten duen, baina pozak ere sortzen diren. Zer gertatzen da norbaitek gelditzea erabakitzen duenean eta bat-batean, aurrez aurre, dena gertatzen den gela itxi horrekin topo egiten duenean? Zer ezkutatzen da hor barruan?
Dantzari hondarribiarraren konpainiak galdera hauek eta beste batzuk erantzungo ditu koreografien bidez. Oso gazte hasi zen dantzan, eta 2016an dantza konpainia sortu eta ibilbide oparoa egin du hamar urteotan. Zineman, lan ugari egin ditu eta Oscar sariaren irabazlearekin egoteko aukera izan du. Why? The musical musikalean eta 2023an Munduko Futbol Txapelketako itxiera galan parte hartzeko aukera izan zuen dantzariak. Iker Karrera bere konpainiaren pieza berriak koreografiatzen eta zuzentzen jarraitzen du, eta lana aitortzeko Gipuzkoako Dantzaren XVIII. Saria jaso berri du.
Larunbatean, hilaren 21ean, egingo duten dantza ikuskizuna ikusteko sarrerak udal webgunean edo Luis Marianoko Turismo bulegoan eskuratu daitezke. Egunean bertan, Amaia KZ aretoko leihatiletan sarrerak erosteko aukera izango dute, betiere eserlekuak libre geratzen badira.

