Korrika elkarrekin egiteko lehenengo elkarretaratzea antolatu du Super Amara BAT taldeak
50 lagun elkartu ziren pasa den igandean, eta denak elkarrekin 9 eta 16 kilometrotako bi ibilbide egin zituzten Irun eta Hendaian zehar.
Super Amara BAT taldeak korrika egiteko ohitura herritarrengana zabaltzeko, lehen elkarretaratzea edo gaur egun modan dagoen social running antolatu zuen pasa den igandean, hilaren 1ean. 10:00etan puntu-puntuan, 50 lagun bildu ziren Plaiaundiko atletismo pistan. Bertan, hainbat berotze ariketa egin zituzten, eta behin gorputza berotu ostean, bi taldeetan banatu ziren korrikazaleak. Igandeetan goiz esnatu eta kirola egitea askorentzat ez da aitzakia, eta 9 eta 16 kilometrotako bi ibilbide egitera abiatu ziren korrikalariak. Lehenengo elkarretaratzean Biarritz Olympique taldeko kideek ere parte hartu zuten, gonbidatu gisa.
Erritmo desberdinetako bi talde egin zituzten, baina hasierako kilometroak denok batera egin zituzten. Plaiunditik Behobiara abiatu ziren eta Santiago zubitik Hendaia aldera egin zuten, bertako bidegorritik jarraitzeko. Bertan bi taldeak banatu ziren, eta batzuk bueltako norabidea hartu zuten. Indartsuenek, aldiz, Hendaiako Kaneta portura arte egin zuten bidea, eta aurreikusitako 16 kilometroak osatzeko Plaiaundira arteko bueltako ibilbidea egin zuten.
Talde biek kapitain bana izan zuten, partaide guztiei erritmo erosoa ezartzea xede zuena. Beroketak oso garrantzitsuak diren arren, ibilbidearen amaieran ere hainbat ariketa egin zituzten Plaiaundiko pistan. Tripak betetzeko hamaiketako ere izan zuten, eta antolatzaileek nabarmendu dutenez, sekulakoa izan zen korrikalarien arteko giroa. Martxorako aurreikusi dute hurrengo elkarretaratzea, eta espero dute social running elkarretaratzeak hazten jarraitzea.

