Kaldereroak eta inude eta artzainak direla eta, trafiko aldaketak Irungo erdialdean
Bihar, 18.50etatik 19:30etara; eta etzi, 11:45etatik 14:00etara aldaketak izango dira trafikoan eta Irunbus zerbitzuan.
Inauteriak hurrengo astean hasiko badira ere, asteburu honetan bi hitzordu nagusi izango dira Irunen: kaldereroen eta inude eta artzainen desfilea. Hori dela eta, trafikoan hainbat mozketa egingo dituzte bihar, hilaren 7a, eta etzi, hilaren 8a, igandearekin. Irunbuseko zerbitzuak ere hainbat aldaketa izango ditu bi egunotan.
Biharko kaldereroen desfilea 19:00tan hasiko denez, 18:50etatik 19:30tara trafikoa etenda egongo da erdialdeko hainbat kaletan. Hala nola, Hondarribia kalean, Kolon pasealekuan eta Gipuzkoa hiribidean, besteak beste. Horietako leku askotan mozketak behin-behinekoak izango dira. Igandean, berriz, 11:45etatik 14:00etara aldaketak izango dira trafikoari dagokionez. Inude eta artzainen desfilea 12:00tan abiatuko da Santiago kaletik eta San Juan plazara arteko ibilbidea egingo dute. Hortaz, hainbat etenaldi puntual egingo dituzte. 12:30etatik aurrera, Kolon pasealekua itxiko dute, eta ondoko kaleetan ere hainbat aldaketa izango dira; desfileak San Juan plazatik Zabaltza plazara arteko bidea egin dezan, bertan bukatuko baita.
Udalak trafiko aldaketak errespetatzeko eskatu du, eta desfilearen azkeneko partaideak aurrera egin eta oinezkoen segurtasuna bermatu arte murrizketak indarrean mantenduko dituzte. Bitartean saihesbideak erabiltzeko gonbitea egin die hiritarrei.

