Adingabeak atzerrira mugitzeko baimena etxetik eskatu ahalko da
Hondarribiko Udaltzaingoak hartuko du ardura, eta komisaldegian edo udaletxeko erregistro elektronikoan tramitatzeko aukera izango da, Irunera joan gabe.
Enparan eta Vielba Orain arte, haien gurasorik gabe atzerrira joan behar ziren adin txikikoen gurasoek baimen berezia Irungo Ertzaintzan lortu behar zuten, bai ala bai bertaraino hurbilduz. Orain, Hondarribiko Udalaren ekimenez, Udaltzaingoan eskatzeko aukera izango da, eta ez hori bakarrik, erregistro elektronikotik ere eskatu ahal izango da. Baimen horri esker, adingabeak atzerrira mugitu ahal izango dira, eskolarekin, kirol taldearekin edo dena delakoarekin duten bidaietan.
Baimena lortzeko, dokumentazioa aurkeztu beharko da komisaldegian. “Tramitea oso erraza da, azkar egiten da. Gurasoen eta haurraren nortasun agiriak edo pasaporteak, familia liburua edo jaiotze ziurtagiria eta eskaera orria beharko dugu soilik”, azaldu du Iñaki Vielba udaltzain buruak. Eskaera orria komisaldegian bertan lortu ahal izango dute, edo udalaren webgunetik deskargatu. Erregistro elektronikotik egiten diren eskaeretan dokumentazio berdina aurkeztu beharko da. “Beharrezkoa da bai ala bai bi gurasoen sinadurak edukitzea”, azpimarratu du Vielbak.
Igor Enparan alkatearen ustez, komoditatearen aldeko berritasuna da aurkeztutakoa, horrela gurasoek ez dute eta Iruneraino joan beharrik. “Batzuetan Ertzaintzarako mugimendu horrek zailtasunak ekarri ditzake, eta horregatik egin genuen hausnarketa udalean. Azkenean, baliabide egokiak jarriz, aukera berri hau sorrarazi zaigu”.
Hurrengo ordutegietan ahalko da tramitea egin komisaldegian:
- Astelehenetik ostiralera: 09:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 18:00etara.

