Plaiaundi eta Mendelu arteko pasabidea gauzatzeko eskatu du EAJk
Espainiako Gobernuaren proiektua da Irun eta Hondarribia batzeko bidegorria. Oraindik ez dira lanekin hasi.
Aurreko astean, Irungo EAJk adierazpen bat kaleratu zuen, Hondarribia eta Irun Plaiaundi bidez lotzeko eskatuz. Espainiako Gobernuaren esku gelditu zen proiektua, baina era berean, Mendelu eta Amute lotzeko proiektua prestatzeko eskatu dio EAJk udalari. Jeltzaleen uste “azpiegitura hori funtsezkoa da Hondarribia eta Irun arteko oinezkoen eta bizikleten arteko lotura hobetzeko”.
Next Generation funtsekin finantzatutako obra da egin beharrekoa, eta horregatik hartu zuen bere gain Espainiako Gobernuak. “Denbora igaro den arren, gaur-gaurkoz obrak ez dira oraindik gauzatu, eta horrek atzerapen bidegabea eragin du herritarrek aspaldidanik eskatzen duten konexio batean”. Talde jeltzalearen ustez, ez da nahikoa proiektuak iragartzea; gauzatu egin behar dira, eta gogorarazi dute mugikortasun jasangarriak eta lurralde-kohesioak ez dutela atzerapen gehiagorik onartzen, bereziki Bidasoa eskualdean bezalako eremu estrategiko batean.
Beraz, Espainiako Gobernuari epeak azkartzeko eskatu dio EAJk. “Bestetik, Hondarribiko Udal Gobernuari dei egiten diogu beharrezko izapideak dagoeneko martxan jartzeko, obrak aurrera egiten dutenean Amute eta Mendelu modu eraginkor, seguru eta jasangarrian lotu ahal izateko”.

